inprimatu
Hiru poema
Izenburua:
Hiru poema
Sinadura:
Jose Luis Otamendi
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Otamendi, Jose Luis

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1987
Argitalpenaren urtea:
Alea:
21.zk.
Orrialdea:
10-11

Hiru poema

 

J.L. Otamendi

 

 ene herriko plazak arku asko ditu

 eta hala ere

 bere begi goibeletan ez da inor galdu

 arku asko ditu

 eta behin ere

 ez dute aurkitu

 ziba gaztearen buruko txintxeta

 Babelgo dorrearen behea

 ene herriko plazak arku asko ditu

 bere habe artean haurren jolasa gordetzen du

 

 zeruak beltzez mintzo dira egunotan

 nik hitz batzu

 fereken labean mamiturikoak

 zorion dzangada eskainiko dizut

 unetik unera

 porrot egitearen samina

 eta begi ilunak eskuetan ditut

 leihoak bezala gauari lotuta

 

 nik agur bat

 zeruen hizkera aldatzeko grina

 poematxo baten aterpe beroan

 zubi eta kaiak eraikiko ditut

 kaiuz ehunduta arratsa

 

 bizitza

 kafetegietatik aterako balitz kalera

 berriro ikustera bere garaipen totela

 ikusiko luke

 lokomotora bat desio erditik

 kez betetzen gogoak eta

 bihotzak

 keramika apurren gisa leihotik botatzen

 eta denbora ahalketsu egin den ordua

 eta airea etenez josia ikusiko luke

 non gizasemeak erratzen bait dira

 

                                                           (Argitaratzear dagoen

                                                           "Zainetan murrailak"

                                                             liburutik hartuak)

 

 


inprimatu