inprimatu
Bizpahiru ohar Cardenal-i buruz
Izenburua:
Bizpahiru ohar Cardenal-i buruz
Sinadura:
Ernesto Cardenal
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Mikel Antza)
Egilea(k):
Albisu, Mikel
Cardenal, Ernesto

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1986
Argitalpenaren urtea:
Alea:
18.zk.
Orrialdea:
13-16

Bizpahiru ohar Cardenal-i buruz

 

Ernesto Cardenal

 

euskaratzailea: Mikel Antza

 

         Ernesto Cardenal nicaraguarraren epigrama hauek Tusquet argitaletxearen

 Marginales saileko 52. zenbakian agertu zen «Epigramas» liburutik itzuliak izan

 dira. Bertan aditzera ematen zaigunez, Cardenalek, liburu horretan agertzen

 diren epigramak, 1950 eta 1956 urte bitartean idatzi zituen, monastegi trapense

 batetan sartu aitzin.

         1925ean jaioa dugu Cardenal: poeta, Anastasio Somoza diktadudaren aurka

 borrokan aritua, 57an erlijioaren bidea hautatu zuen monastegi batetara

 erretiratuz. Apaiztu eta, berak fundaturiko kolonia batetan bizi izan zen,

 Solentiname izeneko lekuan. FSLNri laguntza emateagatik atzerrira jo behar izan

 zuen ostera. Orain, apaizgoari uko egin gabe, Sandinisten gobernuko partaide

 da.

         Argitara eman dituen liburuen artean «Oración por Marilyn Monroe y

 otros poemas», «En Cuba», «Vida en el amor», «Hora 0» eta «Homenaje a los

 indios americanos» aipa daitezke.

 

Epigramak

 

 Bestetzuk diru ugari irabazi ahalko dute

 baina nik diru hori sakrifikatu dut

 kantu hauek hiri idazteko

 edo hire ordez kantatuko diodan beste bati

 edo inori ez.

 

 Nik hi galtzerakoan hik eta biok galdu dinagu:

 Nik hi hintzelako gehien maite nuena

 eta hik ni nintzelako gehien maite hinduena.

 Baina biotatik hik galtzen dun nik baino gehiago:

 nik beste batzu maite ditzakedalako hi maite hindudan bezainbeste

 baina hi ez hau inork maitatuko nik maite hindudan bezainbeste.

 

 Noizpait bertso hauek irakurxi eta hunkiturik

 poetarekin amets egiten duzuen neskatxok:

 jakin ezazue zuetako batentzat egin nituela

 eta alferrik izan zela.

 

 Hauxe izango da nire mendekua:

 Egunen batean poeta ospetsuaren liburua eskutan hartzea

 eta egileak hiretzat idatzi zizkinan lerrook irakurtzea

 eta hik ezer ez jakitea.

 

 Beste batekin maitemindurik hengoela esan zidaten

 eta orduan nire txabolara joan nintzen

 eta artikulu hori idatzi nuen

 preso nadukan Gobernuaren aurka.

 

 Tiroak entzun dira bart.

 Hilerri aldetik entzun dira.

 Inork ez daki nor hil duten, nortzu hil dituzten.

 Inork ez daki ezer.

 Tiroak entzun dira bart.

 Hori da dena.

 

 Bada leku bat Tiscapa zingira inguruan

 —banku bat quelite ondo baten pean—

 hik ezagutzen dun (bertso hauek idazten

 dizkiodan horrek, jakinen du beretzat direla).

 Eta oroitzen ditun hik banku hura eta quelite hura;

 Tiscapa zingiran isladaturiko ilargia,

 diktadorearen jauretxeko argiak,

 zingiran behean igelak kantuan.

 Oraindino argi berberen distira;

 Tiscapako zingiran ilargia isladatzen da, edo gu ez garen beste bikote bat

 egonen da.

 

 (Corn-Island)

 South West Bay-ko ura zerua baino urdinagoa da

 baina hire begiak South West Bay baino urdinagoak ditun

 eta Brig Bay-ko kobazuloan piraten altxorra dago,

 baina hire adatsak Brig Bay-ko altxorrak bainoago balio din.

 

 Apirileko matxinadan

 haiekin hil banindute

 ez hindudan ezagutuko:

 eta orain izango balitz apirileko matxinada

 haiekin hilko nindukete.

 

 Ametsetan egin hidan bisita

 baina aldegiterakoan utzi huen hutsunea

 egiazkoa zen.

 

 Nigandik hurbilen dagoen pertsona

 hi haiz, eta hala ere

 duela hainbeste denbora ikusten ez dudana

 ametsetan baino.

 

 


inprimatu