inprimatu
Hodei gorriak jotzen
Izenburua:
Hodei gorriak jotzen
Sinadura:
Joakin Balentzia
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Balentzia, Joakin

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1986
Argitalpenaren urtea:
Alea:
17.zk.
Orrialdea:
30-33

Hodei gorriak jotzen

 

Joakin Balentzia

 

 Hodei gorriak eta izpiritu pozointsuak,

 ene kontzientzia zuria eta itsaso urrutia,

 lasterka ibiltzeko astia;

 eta arratsalde amoltsuak

 etengabeki estutzen nau

 ukabilkadak jotzen dituen bitartean.

 

 Hatzazalak moztu ahal ditu elefanteak?

 Horixe da elefantearen grina, alegia;

 lapitzak ezin dira zorroztu

 hainbeste itsaso ikusi ondoren;

 asperturik ez dago birgina

 larrua jotzen.

 

 Eguneroko itxura egiten du horrek,

 pix egin eta deus ez amets egiten.

 Tximeletaren ezbeharra, ordua,

 udaberriaren bukaera, herioa;

 hori da horren kezka

 beti adarra jotzen.

 

 Sentitzen dut hitzen zama, laztana;

 ozenki, kaliputsuki erakusten du

 bere mespretxua isiltasunak.

 Korapiloak suntsituz,

 begiei adi-adi begira

 dago kanpaia jotzen.

 

 Espaloian dago munduko zilborhestea;

 zerrautsa eta odola garbituz

 ibiltarien presak itsutzen nau;

 herabe, traidorea da jendetza,

 ohorea zanpatu ondoren,

 lur jota dago.

 

 Kamustu egin da ezpataren desioa,

 hainbeste gerra jasan ondoren;

 hildako humiliagarriek eta harriek

 soilik dakite iterburuen izena,

 ubelduak, uhertuak, beti daude

 zainak jotzen.

 

 Pikorrak lehertzen dira ihes egitean,

 iraganaren zantzuen antzera;

 hezurrak, lehorretako seinaleak;

 marinelei ez galdetu izarretako helmuga,

 beren portura orain bait daude

 buru jotzen.

 

 Mantso-mantso nire auzokoak

 eskailerak igotzen ditu, biziaren kontra,

 agure, makilaz ahaztu da itzalpean;

 bere oroimenek irauten dute

 iraingarri, muturastun,

 hiletak jotzen.

 

 Harresiak zertarako? galdetzen du kilkirrak.

 Baina matxinsaltoak badaki,

 hau da hilargiaren erruz, gauaren azala,

 muskerrak eta sugeak babesteko;

 beren ondoan egon ohi da mozkortiren bat

 larriak jotzen.

 

 Gaur kanaberadien artean ubeltzen dira

 ene orpoak; zapaburuak, arrubioak,

 eta zeru morea, esperantzarik gabekoa;

 landak betetzen dira usain astunez,

 promesaz, susmoz, solas zuhurrez,

 burutik jotzeko zorian.

 

 Asasinoak ihes egin ornen du zalapartaka,

 karriketan zehar, labanak, pistolak, alegia,

 kontzientzia zuria, hau krimena;

 ezin ditut ahaztu gardantxiloa eta saia

 hitz ekaitz jario honetan

 natura gogoan jo nahiean.

 

 Pavese eta Bukowski-k ez naute ezagutzen:

 italiar poeta haundia suizidatu bait zen

 bakartasunak gainditurik,

 anitzen penak konpartitu ondoren,

 eta bestea mozkorti bait dago

 pottorroak begiz jotzen.

 

 


inprimatu