inprimatu
Hildakoen artean izendatu ninduten
Izenburua:
Hildakoen artean izendatu ninduten
Sinadura:
Joakin Balentzia
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Balentzia, Joakin

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1986
Argitalpenaren urtea:
Alea:
17.zk.
Orrialdea:
26-29

Hildakoen artean izendatu ninduten

 {TITULUA}

(Epikaren garaiak ez dira iragan Euskal Herrian)

 

Joakin Balentzia

 

         (*) Lehenbiziko poema hau, Hildakoen artean izendatu ninduten,orain

 hilabete batzu idatzia neukan. Mikel Zabaltzaren desagerpena eta heriotza

 argitu baino lehen, bederen. Luis Mari Zabaleta, Bakartxo Arzelus eta Alejandro

 Auzmendi erori ziren geroago. Lauroi eskeintzen diet poema hau, bihotz

 bihotzez, argitaratzeko momentuan, beraiekin zer ikusirik duela nagoelakoan.

         (**) Bi poema hauek eta beste batzu Denbora, sorgina eta

 solasaizenburupean aurkeztu nituen joan zen Iruñeako udal literatur lehiaketan,

 poesia alorrean. Poesiaren saria desertua utzi zuten («kalitate txarrekoak»

 aukeztuak ginelakoz edo), Sagrario Aleman zinegotzia, Iñaki Zabaleta, Peio

 Lizarralde eta Felix lbargutxi epaimahaikideak zirelarik. Hau ezbeharra!

 

 Hildakoen artean izendatu ninduten,

 asmo oroz, baina erabat okertu ziren,

 hira berdez mozkortuak;

 maiz gertatzen zaiela, nik uste,

 kakatzazko pailazoo horiei.

 Huskeria distiratsuak, produktu ahituak

 nazioarteko merkatuan iragarriz,

 hots, hogerlekoak lau pezetetan

 saldu nahi dituzten ergel horiek.

 Inork sinestu dienik ez pentsa,

 baina txantxa makina itzela egiten dute

 deusezaz pentsatzeko, burua betetzekotan,

 nahitanahiez, zama huts baten antzera.

 

 Hildakoen artean izendatu ninduten

 kontu irrigarri eta ilunak eginez.

 Baina nirekin okertu ziren oro

 sugandila goibel horiskak, galduriko gatazkak

 zibilizazio eta kulturaren garaipenak bezala

 kondatzen dituzten agure adurti horiek.

 Bestelako garaiak ziren,

 baina, inork ez oroitu arren,

 hemen ongi informatu gara eta

 oraingoan ezagunak baditugu

 beren zibilizazioaren egiazko aurpegierak.

 Haurrek ere irakurtzen ikasi baino lehen

 egia berri eta zaharrak aldarrikatzen dituzte

 datu aurkituen nabaritasunak

 eskeintzen diena ozenki pentsatuz.

 

 Hildakoen artean izendatu ninduten

 jokalari kirten, arrakero arrunt horiek.

 Urrezko iturrietan edan zutela, bai zera,

 eta orain lehor eta pozointsuak daude.

 Luzaro izorratu zituzten ene belardiak

 eta niri purtxileriak saldu nahi

 kolonizaturiko basati oneibezala;

 baina, hondarrean, nire benetako truke txanpona

 erakutsi nien, hots, hodi ketsuak, oihu airatsuak,

 mila ezpata zutik arbol lerdenak bezala,

 bular mehatxagarriak, ez birginenak,

 andraundi ergelenak ezta ere,

 sorgin ahots latz eta kementsuenak baizik.

 

 Hildakoen artean izendatu ninduten

 beren paperetan zakar horiek,

 inperioko hizkuntzaz beti idatzita;

 bizien munduko zerrendatik ezabatzerakoan,

 horrela desagertuko nintzela pentsatuz.

 Baina okertu ziren nirekin oro

 jainkozko hiraren kudeatzaile trauskil horiek;

 indarkeria sainduaren apezak

 beren sastagaiak eta pistolak kontsakratuz,

 goren sazerdote izartsuaren monagiloak,

 beren jabearen ahots hutsak.

 Bidaia luzea izan da geurea, baina, ziur izan,

 buru jotzeko zorian gaudela, pazientzia bait dugu,

 gure uzten haztea urtero ikusteko nahikoa,

 esku geldietan ez itxadoteko moduan, ordea.

 

 Hildakoen artean izendatu ninduten

 beren haunditasun eta batasun bortxatuaren

 kalkuluak egiterakoan, laztozko mamu ketsuak;

 baina okertu ziren nirekin oro

 umeei ere beldurtzen ez dieten fantasma horiek;

 nire solasak iraun zuen inoiz baino biziago,

 zanpatzen utzi ez zireneko mila hitzez egindakoa,

 gure sekreturik barrukoenak elkarri aitortzeko,

 egiarik gorrienak aldarrikatzen jarraitzeko,

 jakintzaren adierazpide guztiak azaldu ahal izateko,

 nire solasak iraun zuen,

 hau da herri honen kantua,

 hildakoen artean izendatu zuteneko herria.

 

 


inprimatu