inprimatu
Fernando Pessoaren bost poema
Izenburua:
Fernando Pessoaren bost poema
Sinadura:
Fernando Pessoa
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Joseba Sarrionandia)
Egilea(k):
Sarrionandia, Joseba
Pessoa, Fernando

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
14/15.zk.
Orrialdea:
34-36

Fernando Pessoaren bost poema

 

euskaratzailea:  Joseba Sarrrionandia

 

 Lo egiten dut. Amets eginez gero, esnatzean

 Ez dakit zer amets egin dudan.

 Lo egiten dut. Amets egin gabe lo eginez gero

 Ezagutzen ez dudan espazio zabal batetara

 Esnatzen naiz, oraindik ez dakidanerako

 Esnatzen bait naiz.

 Hobe da, amets egin edo amets egin gabe ordez,

 Sekula ere ez esnatzea.

 

 «Kaixo, ardi zaintzen zauden hori.

 Hor, bide bazterrean,

 Zer esaten dizu haizeak?»

 

 «Haizea dela, eta iragaiten dela,

 Eta lehenago ere iragan zela,

 Eta geroago ere iraganen dela.

 Eta zuri, zer esaten dizu?»

 

 «Niri garbiago esaten dit.

 Beste gauza askotaz mintzo zait.

 Oroitzapenez eta saudadez

 Eta sekula izan ez diren gauzez.»

 

 «Ez duzu haizea iragaiten sekula entzun.

 Haizeaz soilik mintzo da haizea.

 Entzun diozun hori gezurra da,

 Eta gezurra zeure baitan dago.»

 

 Hilik datza gerizpean Kleopatra.

 Euria da.

 

 Ekibokatu egin ziren itsasuntziari bandera imintzean.

 Euria da beti.

 

 Zergatik begiratzen duzu zuk ziudade hurrina?

 Zeure arima da ziudade hurrina.

 Euri hotza ari da.

 

 Eta seme hila altzoan laztantzen duen amaz,

 Denok laztantzen dugu seme hil bat altzoan.

 Euria da, euria da.

 

 Zure ezpain nekatuetan sobera dagoen irribarre tristea

 Dakusat zure hatzek zeure eraztuna ukitzen duteneko keinuan.

 Zergatik ari da euria?

 

 Amodio gutun guziak dira

 Erridikuluak,

 Ez lirateke amodio gutunak ez balira

 Erridikuluak.

 

 Neuk ere idatzi nituen ene denboran amodio gutunak

 Erridikuluak,

 Besteak bezala.

 

 Amodio gutunak, amodiorik bada,

 Erridikuluak

 Izan behar dira.

 

 Baina, finean,

 Amodio gutunik

 Sekula idatzi ez duten kreaturak soilik dira

 Benetan

 Erridikuluak.

 

 Jainkoak zoriontsuak dira.

 Sustraien bizitza bizi dute.

 Fatuak ez ditu beren desirak zanpatzen;

 Edo, zanpatu arren, gero

 Bizi eternala ematen die.

 Ez dute itzalik

 Ez inor samintzen dituenik.

 Eta, gainera, ez dira esistitzen.

 

 


inprimatu