inprimatu
Rubbayyat
Izenburua:
Rubbayyat
Sinadura:
Omar Nabarro
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Jimenez, Edorta

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
12.zk.
Orrialdea:
60-63

Rubaiyyat

 

Omar Nabarro

 

 (... mitxeletak salabardoz harrapatzen dabilen lepidofiloren antzera, dinostazu

 zabiltzala, heliconia doris eta heliconia numata lako berben esangura hutsala

 katibatu nahirik.

         Eta begira zein fite hegaldatzen diren kolore jaioberriak ilunabarrean.

 Aspaldi ez dituela erratzak amaraunak astintzen, dinozu, memoriaren zokondoetan

 arakatuz, aramuaren zuhurtziari mira eginda, euli krisalida baten pare

 xurgatzen zarenean.

         Egizu kontu ostera ere, zein ezina den anestesiatzen estratega bat

 alkodolez.

         Hobe erre, dinozu, alkolemak, eta Bereniceren erretratoa ere erre.

 Salabardoak eta erratzak errautsi. Eta hala ere, memoriak iraunen du

 errautsetan.

         Zapokrifo lotsabakoek eginen dute habia liburu merkatuetan, eta

 badakizu zein den mendekua...)

 

 OMAR JAYYAM zure izena

 aintzinako paganoen sena

 bizirik dirauzu ene anaia

 itzali arte goce oroimena.

 

 Dagoeneko,

 alferrik dita haizeteak,

                       iparrorratzak,

                       bitakora koadernoak.

 ohol zaharrak aldaraztea,

 lema berria agintzea,

 arrakalak iztupaz kalafateatzea.

 ahaztu egizuz

 izarren kokadurak,

 itsastxorien zentzudun norabideak,

 urgaineko margo misteriotsuetan ezkutaturiko mezu ulergaitzak.

 hobe erre

 mapak,

 planisferioak,

 itsas gorabeherekiko liburu jakintsuak

 eta

 batez ere,

 Bereniceren erretratu horitua.

                                   Berandu da.

                                   Lehortu egin da itsasoa.

 

 Badakizu, Berenice, arratsalde hontan

 eguzkiak udakoa dirudiela baratzean;

 hozkirria, berriz, negukoa da begietan.

 

 Berton nago, Berenice, aramuei begira,

 zelan diharduten, mutuki, amarauna eraikiz;

 eulitxoak eror daitezen zai bizi dira.

 

 Ardura barik, Berenice, dira gurutzatzen,

 patuak, bere hari finetan, biltzen ditu

 hanka hauskorrak, ílegurizko gartzeletan.

 

 Ez dugu, Berenice, aditzen karraxirik;

 etxola beltzeko zurezko horman ez dantzut

 hots apurrena ere, haizearena ezik.

 

 Horregatik, Berenice, nire negarra,

 ez da negarra eta oraintxe negarrez egon arren,

 negarguraz, mutua da nire deihadarra.

 

 Oroitzapena, Berenice, da amarauna;

 ez delako hari infinitoen gurutzaketa

 mehea baino, betirako preso naukana.

 

 Eguna begitarte ilunaz gau oihala harildun bitartean

 blai eginda euri ezabakorraz kaleak    hortxe egon

 naun    kafetegi kutsu gehiegizko bazkalondo

 honetan arratsaldearen norabideaz jabetu

 ezinik    blai neu ere    nora ezean

 lutoz sumatu ditut piztutako lehen-

 engo argiak    argazkizelulak asal-

 datu egin ditun    goizegi gautu

 dun    eztulak askatzen taberne-

 tan    data ere ahaztu dinat

 agian asko igaro denbora

 guretzat    ardotan blai

 berriketa amaigabea beltz-

 egia eguzkiaren ku-

 britxeta    kolorez

 harilduko ote

 goizaren

 maindi

 rea bl-

 ai

 

 


inprimatu