inprimatu
Patriren lau poema "galduak"
Izenburua:
Patriren lau poema "galduak"
Sinadura:
Patri Urkizu / Gabriel Aresti
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aresti, Gabriel

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
12.zk.
Orrialdea:
18-20

Patriren lau poema «galduak»

Patri Urkizu

 

         Iazko Irun Hiria deitutako lehiaketa literarioan Patri Urkizuri eman

 zioten «Jose de Arteche» izenez bataiaturiko poesiazko saria. Ohizkoa den

 urtebeteko epea baino lehen argitara eman ditu CAPek Irun Hirian irabazle

 izandako liburuak; baina Patri Urkizurenean lau poema falta ziren.

         «Zeren Azken Finean» poema liburuaren hasiera partean Patri Urkizuk

 saria berari aipamena egiten zioten bertso batzu sartu zituen; ondoren Gabriel

 Arestiren «Aita Gurea». Bi horiek zensuratu zizkioten. Bestalde, liburu barruan

 agertzen ziren beste bi poema ere falta dira, zabarkeriaz, deskuidoz edo

 kuidado gutxiz ahaztuak. Lehena «Kunigunt» poemaren ondoren zihoan «Benustarren

 fatua» da, eta bestea ispiluez diharduen ataleko bigarrena, «Ispilu huts».

         Ondorenean irakur ditzakezue lau poema «galduok».

 

Jose Artetxe saria

 

 Euskal txapelketetan badago

 bat deitua Irun hiria.

 Euskal idazlanak suspertzeko

 Jose Artetxe Saria.

 Jorratu nahi dutenentzako

 mundu honen gabezia.

 Baina ez dazagut oraindik nik

 horren euskal poesia.

 

Aita gurea

 

Gabriel Aresti

 

 Don Jose de Arteche aita

 linboan haizena,

 ahaztua biz hire izena,

 ezbetorkigu hire erreinua (errepublika bat nahi baitugu),

 egin bedi hire borondatea (eta ez hire semearena

 ez Basarrirena, ez Lekuonarena) linboan bezala lurpean ere.

 

 Gure eguneroko otarraina eziezaguk gaur ere ken,

 eziezaguk geure zorrik paga-arazi,

 aberatsak eztitezen aberatsago eta pobreok ezkaitezen pobreago

 eta Don Jose de Arteche hire semeari tentazioan erorten utz iezok (euskaldun

 mutilak haren eskribuez asperturik baikaude),

 baina libra gaitzak dialekto mordoiloetatik,

 zeren hireak baitira Don Jose de Arteche, Basarri

 eta Lekuona.

 

Benustarren fatua

 

 Benustarren fatua

 hain da aldakorra,

 maitalea daukala

 beti tristakorra.

 

 Aingura ezan dabil

 itsasoan, horra

 haize enbaten pean

 gaiso kaskagorral

 

Ispilu huts

 

 Butroe zimur,

 hegaldaka zabar,

 espazioan zehar

 hoa,

 salbaziozko aingurarik gabe

 amildegiratuz,

 piztu duan azkeneko

 zigarroaren sukeak

 harturik,

 tenplo goriaren kupula

 hautsontzian

 desegiten den bezalaxe,

 ispilu huts,

 paradisu ezinean

 hire imajina

 malenkoniati

 dakusakela

 fatuen irkaitza

 ezin pairatuz,

 hasperenka..

 

 


inprimatu