inprimatu
Infanteriako gudariak...
Izenburua:
Infanteriako gudariak...
Sinadura:
Eneko Olasagasti
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Olasagasti, Eneko

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
10/11.zk.
Orrialdea:
62-63

Eneko Olasagasti

 

 Infanteriako gudariak

 erropeen desjosiak galoiak

 gurea otutzen ez zaigun western batean.

 Inoiz ez dira kapitain izatera iritsiko,

 ez dituzue, pelikulatan, banan bana erortzen ikusi?

 Beraiek ez ordea,

 pelikulatan beti lehenak

 ezin beren burua ikusi.

 

 Esnatu orduko gaua da,

 eta esnatzeko saioa ta gero, nekatuegiak

 ezertarako gudaritxook.

 Trenak desitxaroz oihukatzen dio gauari zikloraman.

 Nola esango du infanteriako gudariak interasatzen zaion

 gauza bakarra

 amodioa dela?

 Nork sinetsiko lioke?

 Laguna eta lagun baten arteko diferentzi bakarra

 artikulua ote

 galdetzen dit gramatika dakidalakoan.

 

 Ez ditugu irudi aberatsak lortzen,

 gauaren fotograma bakarreko biztanlea

 bakarrik dagoela esatera ausartzen denean

 beti azaltzen da baten bat,

 tiro umezurtz bat.

 Hotzak ateratzen dituen alkohol lurrunetan

 elkarrizketa biharko pendiente

 uzten dugu.

 Trenak berriro, urrunago

 desitxaroz oihukatzen dio gauari.

 

 


inprimatu