inprimatu
Cretan ohosturiko poema eslovaniarrak
Izenburua:
Cretan ohosturiko poema eslovaniarrak
Sinadura:
Violet Font
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Arrese, Gorka

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
10/11.zk.
Orrialdea:
33-41

Cretan ohosturiko poema slovaniarrak

 

Violet Font

 

         Joan den urteko abuztuan Cretarantz abiatu ginen Bartzelonako lagun bat

 eta biok, han lagunak zituela eta. Paleiochora-ra heldu ginenean zai genuen

 Veronika. Bere etxea Mediterraneoko etxe zuri horietakoa da, handia eta

 kanpotik tapizez apaindua. Hantxe ezagutu nuen Karel Raab; oso tipo alaia,

 argala eta beltzarana. Veronikak «idazten eta horrelakotan» ibiltzen zela

 adierazi zidan afal ondoren. Hondartzan igarotzen genuen egun osoa hango ortze

 konpaktuari behaka, sor; eta gauez sua irazekitzen genuen keak agian lainotuko

 zuelakoan. Egunsentian hare epeletan itzartzen ginen eta gauerarte isiltasunean

 iragaten, suaren gorritasunak aurpegiotan irribarre egin arte. Poema batzu

 ohostu nizkion behin; karpeta urdin batetako paper mordoxka bat, eslovanieraz

 idatziak. Karel 1961. urtean jaio zen Yugoslavian. Hegazkin istripu batetan

 galdu zituen gurasoak hamazazpi urte zituela. Hiru anai-arrebak Marsellara joan

 ziren osabekin eta handik itsasontzi batetan ihes egin zuen. Sidneyen ezagutu

 zuten elkar Karel eta Veronikak; eta ez dakit ezer gehiago, hondartzako

 sutondoko ixtoria dardartiz at. Opio pedo luze baten letargo eguzkitsu bat

 bezala gogoratzen dut egotaldia (itsasoa bare eta oskarbiegia). Eta poemekin

 (ez dakit poesiak ote diren ere) egundoko burruketan ibili ondoren hor dituzue

 batzuren ene itzulpen inposibleak... Eta barkamena Kareli (auskalo non hagoen

 oraingo honetan) bere idazlantxoei Donostiaraino hega egiten irakasteagatik.

 

                                     * * *

 

 «Irtetean, kristal eta zilarrezko edifizioek, buruen gainean okerturik,

 ilgoraren gisara, osta zastakatzen zinaten. Eta gorri, astiro, odoletan

 gatzatzen hunan oro. Egunsentian eguzkiak, suak ezkoa bezala, urtu nindinan.

 Zementu artetik, oskorritasuna imagina subliminal baten antzera desagertzen

 dun: hiri puzkertiak infernutako zirko torturatzaileen olana gris, beltz eta

 zuriak eskekitzen dizkinanean kafetetxe ilun batetan sartuko haiz. (Beti zegon

 tokia). Jazza entzungo dun hatz beltzetan, ia urduri. Eta kalearen kiratsean,

 burruka etengabean, amerikar eta indioen arteko gudutik zaparrastaz galduriko

 gezi edota lantza batek zaurituko hau. Zorionez bizirik gelditzen bahaiz,

 biharamunean, ke urdin artean berriz ekingo diotenean, Siberiako tigrea

 haizelakoan ehizatuko haute olanek. (Ez haiz inolaz jarkiko). Orduan, dirudunen

 baten basoko lorartetik ihes egin nahiko dun, kafetegira, iagoitikoz, erdilo,

 violoncelloz jazzean, mesto, pianissimo, smorzando, ia ad li b i t u m.»

 

                                     * * *

 

 «Sumatrako tigrearen begi beilegiez itsuturik,

 junglako landarezko tuneletik zehar etxeko kumunera

 bajoari ekitera bidaliko nindiotekela banekien.

 Eta hire betaurreko punky beltzak jantzi nizkian putada hura ukatu nahiean;

 eta hik esan bezala, bost dukateko globo gorria puztu nian

 sudurpunta zorrotzaz lehertu arte:

 sans-culotten haragi torturatuez diamant eta esmeraldak fabrikatu

 eta musei titiburuetako kakalardo erdigogorbustiak arrankatzen zizkieteken

 teloi granatearen bestaldean;

 eta bahekien torerook urrezko jainkosa haiek antsiaz desiratzen genizkiala;

 bahekien nire ahoko espata dirdiratsuek

 bular gazte hobenge haiek koskatuko zizkiatela ijoputak antzo;

 eta ezpainetatik odol epela jarioko zitzaidaanean tertzioa saludatuko niala;

 eta kakalardodun esku boteretsua jeitsi

 eta bost dukateko globo gorriak eztanda egingo zidaala aurpegian;

 (eta danborren erredobleetaz berandu konturatuko niñuala).

 

 Eta jadanik (indarge?)

 termidorianoen gilotinako bizarlabantzarrak bixigu arrosetan dakuskit;

 eta sagu korbatadunetakoa haizela entzuten diat,

 orain, toreroaren potroez alabastros lortzen ari haizenean,

 kaleargi beltz ugertuen argi hilduek loak hartzen duten abar tartetik

 ilargiaren arrasto heze lanbrotsuak,

 Florentzian kupula hondatuko den eran,

 giroa busti xahutzen duenean,

 eta hotz,

 oso hotz,

 lepoa erdibitzen did

 DZAST!!zueneann».

 

                                     * * *

 

 « papuen soak solstizioko diskorantz

 erabat beilegituriko aurpegitan

 izpi zorrotzen ziri metalikoek

 ediporen begi zastakatuak malkotu dizkiete

 eta lumazko oihanetan

 larrutako kolpeak ttanttaka oihartzuntzean

 eguzkituen kezko azaletan erotzen dira

 hegazti nabarren isladak

 gauak kokatuko zaizkie energia garaian

 eta sudur betondo eta ezpainak

 hileroko horigorriz gantzatzean

 arotzen belarritako lapitzen antzeko

 adarrak haziko dituzte artez

 bekokitako ilbete itzel tartetik

 pawah-pawahtan iratze

 tropikalak ernetzen zaizkiela

 zementuzko etxez zetakatzen diren

 zuhaitz gorri eta goibelpetan

 jadanik inglesen auto beltzak ibiliarren

 ginea berriko kostaldetan

 hondartuko ahal haiz buke!

 papuek lepamoztu nazaten

 baina sidneyraino gidatuko gaituk ostera

 hire marinel eskizofrenikook

 operako esfera zatikatuen hormigoi

 zurizko maskorretan surf egin dezagun

 eta mila pisutako edifiziotan julistuko nauk

 eta jotabez mozkortuko ondoren

 fenizioen belerotik (itsas hotsa kulunka)

 fireworksak harrapaka»

 

                                     * * *

 

 «sua darion herensuge edota

 zerbeza botila apartsu bat izan nahi duen

 zaldizko almohada gainean hagoela

 oilar txinar gorri bat buztantzen dun

 izara zuritatik gora

 ia-ia arranoak eklipse garaian ohi ditunan eran

 eta nykwisten kuadrotako balusezko

 neskato batutsiaren ditiburuak isladatzen ditun

 nikietan antzo

 ispiluaren beirari beren erliebe

 jostagarriak inprimatu nahiz

 eta hireak

 bi elektrodo bailira

 hatzez heltzen ditunala

 etamine grisezko kanapea odoltzen dun

 izter barnetako zauriaren jarioaz

 zetan zabiz violet

 marcel proust irakurtzen

 biluzik              bai              a»

 

 (Idatzi berria zen poema hau, eta zenbait hitz tatxaturik zegoen: "zakil bat

 izan nahi duen", "masturbatzen ari hintzela", "aitaren errebista pornoko",

 "udako menstruazio", "antsiatu", "eta hezeak", "zoratzen haiz haurrek egosten

 dituzten sugandilak bezala", "eta suaren atzean bularrak erretzen zaizkio..."

 amaieran.)

 

                                     * * *

 

 «Bonbilatatik ihesiko den argi zulatu ebakorrak belarri politeneko diamantean

 printz egitean, plastikozko bi miloi gezur Montmartren lepamoztuko dituztelako,

 Parisko izar zuri sargoritsupetan ustel desobituko nau Luis erregek. Eta gauez,

 purpurinazko gurditzar txairo eta odoltsutik irteten diren gortelari martzulek

 beren panpinen diti eme antsiatsuak esperma gisako champagne apartsuz bakarrik

 busti ahal izango dituzte komediako hasperenez. Sortilki bular maitagarritara

 plazer burbuiltsua izurtzean, balusetan gorputz guztitik aurpegiraino

 barreiatuko diete hatzetako muin hezea, sabel lodipetako pittilin zizaretuen

 nokutasuna krabelinetan dantzatzen den artean.

 Azarez jazoko da oro. Ez du ezerk zentzurik. Inflazio garaian amets eta betiro

 iturri zikin batek bezala ziprizinka pix egiteko desioak buruhiltze kolektiboa

 eragingo du haragikerizko gau arrosa honetan. Paris brontze eta atxabitxizko

 condotiero arrotzez birrindua izango da. Birus hilurranen usaina du, jaitsapen

 dotorezko udaberitzarrarena.

 (Eguzkirik gabeko zuhaitz biluzi urreztatu tartetik lote usaingeak aieneka

 zimurtzean, plastikozko bi miloi gezur Separen urertzetan itoko direlako, Paris

 lanbrotasun gris goibelpean ehortziko dute taupadez berriz. Eta gauez, ilargi

 kalertzetsuko ezpain idor lore-loredun printzesa hautseztatuak inoiz edan nahi

 izan ez duen esperma gisako zerbeza botila zutunduko aparta miazkatu behar

 izango dio nardaz nigarrez. Zirtzilki ahotxo maitagarrira plazer koipatsua

 kolpeka isurtzean, kontrako zulotik sartuko zaio ttuzko gorroto zitaldua,

 sabelpeko zainezko mamu zaurtzaile napalmtsua odoldu arte horzkatzen duen

 artean. Ezerkzentzurik ez duenez oro azarez jazoko dela Veronika). »

 

                                     * * *

 

 «aire barean,

                     xori eta gizon torturatuez eginiko

                         harrizko hegazkintxoen antzo,

 flavio anfiteatroko munera gladiatoria batetako iugulak ziruditen

                 aralde hizugarriaren ankerkeria zenentzuten.

                                         aho hotzean,

               haur eiharrek tiratakoz ehizaturiko

                       sagar borobilen eran, ttanttaka,

             hortza zuriak kriskitin kraskaka lehertu eta,

         zuena ez den irri batek erraietatik irtetzean,

     eztarriaren urraketa lazgarriak oihuska etsitua eman zuen.

                                           hiletamartxan

                     greziar falangeko gudugizonek,

               haragizko puxika eme eta gorriekin,

                       bonba nuklearra egurastuz,

           odolezko diti epel hegalarien modura, noraezean,

         haize mutuen doinuan soraioki dantzatzen zuten

             aranondoen lore zuriz estalitako lur hezetan. »

 

 


inprimatu