inprimatu
Mesopotamiako basamortuetan hondarmuinoek...
Izenburua:
Mesopotamiako basamortuetan hondarmuinoek...
Sinadura:
Ander Iturriotz
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Iturriotz, Ander

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
4.zk.
Orrialdea:
33

A. Iturriotz

 

 Mesopotamiako basamortuetan hondarmuinoek

 haizearen ferekaz aldatzen dute itxuraz,

   —area bailitzan betiereko itzuleraren aztarna,

       presarik gabeko eskultorearen esku trebeak

       etengabe lantzen duen emakume biluziaren botakina—

 eta are uduri dabiltza orenak noraezean

 ekhi gorrailpean galdu ziren

 altxor bilatzaileentzat, gizonak aspaldi ahaztutako

 hiri lainotsua, nonbait lur azpitan oraindik

 dirauen parabisua, eridenen zutelakotan abiatu

 zirenentzat, non urregorrizko katakume siamdarrak

 bait dira karriketako jaun eta jabeak,

 haizebako gau sargoritsuetan

 laugarren estaietako barandiketan zintzilikatzen dira

 higitzeke xaguzahar jagoleak,

 eta besogabeko neskuts zurbilak, kuprezko

 ibaietan bainatzen dira ur bero lurrintsuaz,

 haruntzago

 kotxe zahar herdoilduak,

 gasolina pote hutsak

 hondakindegiko kale koipetsuak,

 eta iragarki argi nahasiak,

 urtetan zehar beleekin batera zoldaturikoak.

 

 


inprimatu