inprimatu
Axedrez partida bat
Izenburua:
Axedrez partida bat
Sinadura:
Thomas Stearns Eliot
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Josemari Iturralde / Joseba Sarrionandia)
Egilea(k):
Josemari Iturralde / Joseba Sarrionandia
Eliot, Thomas Stearns

Argitalpena:
Oh! Euzkadi.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
15.zk.
Orrialdea:
29-30

 

II axedrez partida bat

 

T.S. Eliot

 

     Aulkia, non tronu lehun batean bezala eseritzen zen dama,

     Dizdiratzen zen marmorean, han non izpiluak

     -Fruitu eta hostaiez hornituriko ertzek eutsia,

 80  Horien artetik beha urrezko Kupido bat

     (Beste batek hegalaren azpian zituen begiak ezkutatzen)-

     Bikoizten zituen zazpi besoko kandelabroen sugarrak

     Mahaian isladatuz argia,

     Bere harribitxien dizdira, arraso naharo eta aberatsez

     Apainduriko kutxetatik, haren bila altxatzen zen artean.

     Marfilezko anpulutan eta kolorezko kristaletan

     Ezestalirik, ezkutaturik, bere lurrin sintetiko arraroek

     Ukendu, hauts edo isurkai gisa, asaldatu, nahastu

     Eta itotzen zuten zentzuna usainetan; hauek

 90  Leihoko aide hozkirriak eraginik, igotzen ziren

     Sugar luzeak sendotuz,

     Horniduretarantz iaurtitzen zuten kehea

     Sabaiko moldeen arabeskoak higituz.

     Kobreztaturiko itsasoihan itzela

     Zizekan ferdez eta laranjaz sutan, harri margotutan,

     Eta argi hits horretan, gizurde tailatu bat igerika.

     Behialako ximiniapalaren gainean,

     Leiho batek erakutsiko lukeen baso eszena,

     Errege basatiak hain gotorki eraginiko

 100 Filomelaren itxuraldaketa ageri zen; baina han errusinolak

     Abots ukiezinez betetzen zuen basamortu guzia

     Eta oihuka bera, eta oraindik ere jarraitzen du munduak

     "Yag yag" entzumen zikinak.

     Eta beste denboraondo zimel batzu

     Zeuden hormetan; itxura deigarriak

     Okertzen ziren, makurtuz, gela hertsia isilaraziz.

     Oinurratsak arrastatuz eskaileran zehar.

     Suaren argitan, zepiloaren azpian damaren adatsa

     Une sututan hedatzen zen

 110 Hitzetan irazekitzen zen, gero gelditasunean geratuko zen ankerki.

     "Gau honetan oso gaizki ditut kirioak Bai, gaizki. Geratu zaitez nirekin.

     Esaidazu zerbait. Zergatik ez duzu inoiz ere hitzik esaten? Mintza zaitez.

     Zertan duzu gogoa? Zertan duzu? Zertan?

     Ez dakit sekula zertan pentsatzen duzun. Pentsa ezazu".

     Pentsatzen dut arratoien etxartean gaudela

     Hilek hezurrak galdu zituztenekoan.

     "Zer da zarata hori?"

                                   Ate azpiko haizea.

     "Zer da oraingo zarata hori? Zer ari da haizea egiten?"

 120                                Ezer ez, berriro, ezer ere ez.

                                                         "Ez

     Al dakuzu ezer ere? Ez al duzu ezer ere ikusten?

                                     Ez al duzu oroitzen

                                 Ezer ere?"

     Oroitzen dut

     Perlak dira behiala zure begi izan ziren hauk.

     "Bizirik zaude ala ez? Ez duzu ezer ere buruan"

     Baina Oh Oh Oh Shakespeherian Rag hori...

     Hain dotorea

 130 Hain adigarria

     "Zer eginen dut orain? Zer eginen dut?

     Nagoen bezala abiaturen naiz, eta kalean barrena ibiliren naiz

     Adatsa asko, honela. Zer eginen dugu bihar?

     Zer eginen dugu inoiz?"

                                       Ur beroa hamarretan.

     Eta euria egiten badu, auto hertsi bat lauretan.

     Eta axedrez partida bat jokatuko dugu.

     Betazalik gabeko begiak sakatuz eta atean deika has daitezen

                                         esperoan.

 140 Lil-en senarra desmobilizatu zutenean, esan nion nik,

     Ez nuen mihia irentsi, neuk esan nion,

     AGURO MESEDEZ GARAIA DA

     Orain Albert datorrelarik, apaindu zaitez dotoretxo.

     Jakin nahi izanen du zer egin duzun eman zizun diru horrekin

     Zure haginak konpontzeko. Eman zizun, bai, neu nengoen hantxe.

     Atera itzazu guziak, Lil, Eta imini ezazu hortzadura polit bat,

     Esan zuen, zinez, ezin zaitut soegin aurrez aurre.

     Eta neuk ere ezin dut, esan nuen nik, eta har ezazu gogoan

                                           Albert gizagaisoa.

     Lau urte egin ditu soldaduskan, libertsio ugari nahi izango du,

     Eta zuk ematen ez badiozu, beste batzuk lagunduko diote,

                                                                   esan nuen

     nik.

 150 Ah, bai ote, esan zuen berak. Horrelako zerbait, esan nuen nik.

     Orduan ezagutuko dut nor eskertu, esan zuen berak, eta

                                               irmo begiratu ninduen.

     AGURO MESEDEZ GARAIA DA

     Laket ez bazaizu hor konpon, esan nuen nik.

     Beste neska batzuek hauta dezakete, zuk ezin arren.

     Baina Albert aldentzen bazaizu, ez da abisu faltaz.

     Lotsatu beharko zinateke, esan nuen, hain zaharkiturik egoteaz.

     (Eta hogeita hamaika urte bakarrik dituela).

     Ezin dut konpondu, esan zuen berak, aurpegia luzatuz.

     Zera kanpora botatzeko hartu nituen pastilok dira, esan zuen.

 160 (Bost ukan ditut iadanik, eta ia hil zen George tipiarekin).

     Oso ondo geldituko nintzela esan zuen botikarioak, baina

                                 ez naiz sekula onera itzuli.

     Zu bai zu ergela, esan nuen nik.

 

     Hara, Albert-ek bakean uzten ez bazaitu, hara hor ondorioak,

                                 esan nuen,

     Zertarako ezkondu zinen haurrik nahi ez bazenuen?

     AGURO MESEDEZ GARAIA DA

     Bada, igande haretan Albert etxean zegoen, urdaiazpiko bat

                                 zedukaten beroturik,

     Eta afaltzera gonbidatu ninduten, berotan urdaiazpikoaren

                                 ederra dasta nezan.

     AGURO MESEDEZ GARAIA DA

     AGURO MESEDEZ GARAIA DA

 170 Gauon Bill. Gauon Lou. Gauon May. Gauon.

     Pa pa. Gauon. Gauon.

     Gauon, andereak, gauon dama dultzeak, gauon gauon.

 

                                                   (T.S. Eliot-en The Waste Land

                                                 poema handiaren bigarren atala.

                     Itzultzaileak: Josemari lturralde eta Joseba Sarrionandia)

 

 


inprimatu