inprimatu
Poemak
Izenburua:
Poemak
Sinadura:
Jose Luis Otamendi
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Otamendi, Jose Luis

Argitalpena:
Txortan.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
3.zk.
Orrialdea:
7-11

Poemak

 

Jose Luis Otamendi

 

 Keramikazko animaliak egunsentian etzanda

 goiza urratzen hainbat eztanda kaminoetan

 pauso geldiroz ibiltariak

 autoak makal atzekaldean agonia bat

 atzeko aulkian armak

 aurrean gandua zaunka

 

 lautada hitsak ogi artean belardi osoak

 bost mila boltako erraiak

 pasatze eten ezina lautada hitsetan

 bazter batean arratsa istripuz hila

 zapi zuriak leihatiletan

 

 Deitorez eta amodio ase ezinez betetako bertso paperak hedatzen ziren airean

 burdinesien barroteen kontra

 hilotzen ezpainen kontra jausteko amoroski

 ta puta erhail baten imintzioak kondatzen zituen ilargi hordi baten pean

 gaua susaldi batez sorgindua legez habailtzen eta hiltzen hasi zen

 erreteneko ur lohituen eskuetan

 inongo doluminik gabe izarrik gabe

 ta argia bertsoen puntu trinkoen artetik herrestan

 kupida paperontzi hautsi bateko zakar erreetan utzia

                                                                             nagusitu

 egin zen

 bertsoak norbaitek deituak bailiren puskatu birrindu

 murgildu egin ziren zurubi traketsekiko lurpe arreetan

 hezurren artera

 harrek zilatu eta jan zituzten esperantzetan barrena

 eta han hezea eta hotza ez zuten kausitu besterik

 txapelik ez zuten kausitu

 han etzan ta kornotea galdu

 

 Hainbat gizon joanak dira zeruko ordekara

 hainbat amodio

 hainbat itzal eskuetan deseginak

 eta Lurrak bere biran daramatza hegaztiak

 hondogabeko aintzirak

 

 non galdu ziren ezpainak

 noiz lehertu ziren hodeiak jakitea

 baso oinatz gabeak miatzea da

 hire memoria iluna

 eta dena

 argi printzak pilatzea

 zerbait eutsiz ekitea

 besoetan ahanzten dira iraganak

 ilargia bekokian iltzatzen da

 ta zementuzko taupadak arratsetan

 burdinezko irla batzuk begietan

 esperantza baldosa bat

 hainbat egun joanak dira memoriako harpeetara

 beti basten ari dira garrateak

 

 Hitz soilen bila nator

 zuhaitz hosto ubelduen atzetik

 aurpegi minduen ondora

 horiengana nator

 berriro eskuak bilutsik

 bihotza odol goritan borborka

 bizi daitekela uste izateko

 

 ukimen gordin bila nator

 hitzaren hondamendi aldera

 jaiotzen direnen haragien bila

 

 uretan etzatea nahi dut

 haizetik ohostea burdinaren hotsa

 maite ditudanen ahotsak

 

 eskuak

 hezurrak

 sabelak

 berreskuratzeari ekingo natzaio

 konfetti multikoloreak ahanzteari

 ta eskuz egiteari ametsak

 

 berriro hodeiak eta ura miretsiko ditut

 heriotz guztiak negartu

 pauso geldiroen jabe apalak

                               tristeak

                               alaiak kantatu

 hiztunekin hitzegin nahi dut

 

 Aspaldidanik ura darie iturriei

 zeruari haizea

 eta ene zainei urteetako gogoa

 

                       badaki urak

                       badaki haizeak

                       gugana hurbiltzen denak

                       egunak mantso ahitzen direla

                       nekez maitea dena

 

                       badaki urak

                       badaki haizeak

                       gogoa urtu egiten dela

                       gure memoria haustua

                       nekez maitasuna

 

 aspaldidanik ura darie iturriei

 zeruari haizea

 ene ezpainei zure izena

 

 


inprimatu