inprimatu
Ez da hotzik, baina eskuak sakeletan...
Izenburua:
Ez da hotzik, baina eskuak sakeletan...
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):


Argitalpena:
Ustela.
Urtea:
1976
Argitalpenaren urtea:
Alea:
Orrialdea:
16-18

 a)Ez da hotzik, baina eskuak sakeletan daramazkizue. Oinez zoazte, edozertaz

 hitzeginez, lurrari beha zihurki. Ibiltzearen balantza eskasean, zuen

 ukondoak igurtzi egiten dira ukitu erotiko batetan. Ikastaro luze baten atarian

 zaude, eta lehen ariketa horrek «bertizeen musu zoroa» du izena.

         b) Zigarro bat ateratzen duzu, ah barkatu, ez naiz konturatu, nahi ahal

 duzu, ez, ez du erretzen, baina sua eskaintzen dizu, eta haizearen aitzakitan

 zeureetan biltzen dizkiozu eskuak. «Biligarroen habia» egin berria duzu.

         d) Ipuin banal bat kontatzera zoaz, ezagunen baten konturen bat, hitzen

 ezin asmatze tentsoa hausteko zozokeriaren bat, ba ahal dakizu, orain hemendik

 pasatzerakoan gogoratu naiz, eta aldi berean hurbilago duzun bizkarrean eskua

 ipinten diozu memento batez, irrifar eginez. Hirugarren lege honi «elurrezko

 hatzaparraren hotzikara» deritza.

 

         a) Ezpaloiko karratuak, hurrengo hilera pasatzean, ez hurrengoa, noiz

 arte luzatu behar duzu, hurrengo hilera pasatzean, noiz bestela, zergatik ez

 zaio gustatuko ba, orain, horratx, ez da ezer gertatu, lurrerantz behatu du,

 eta ez du ezer esan eskua beste aldeko bizkarrean xamurki ezarri diozunean.

 «Ilunabarretako ibilaldia» oso arrunta da, eta aterkiperako txit egokia.

         b) Eskuak, eskuak, inork ez zaitue ezagutzen, inork ikusiko ez bazintue

 bezala izanen da, eskuak, berak ez du indarrik eginen, eta zer ari zaren

 kontura ez dadin egiozu galderaren bat, nolako hatz luzeak dituen. «Usoen

 hegala isila» bezala ezagutzen den praktika hau gazteen artekoa da, eta

 Mahadeva-ren legedian guztiz debekatua dago agure-atsoentzat eta eskuetatik

 izerditzen direnentzat.

         d) Isilik, oso isilik, eskua besotik pasa dizu. Gehienbat bikote

 helduen artean erabiltzen den «esku eroriaren uztartzea» gazteetan

 legitimatzeko, burua Mutilaren bizkarrean jarri behar du neskak. Egun, tamalez,

 oso utzia dagoen praktika da, feministek gizonaren boterearen ezaugarritzat edo

 hartzen dutelarik.

 

         a) Eskuak patriketan edo atzean gurutzatuak dituela, besoa urrunago

 duen besoraino luzatuta bueltaturik, esku ahurraz hartzen diozu besoa. «Uhin

 apartsuaren lotura».

         b) «Uso zuriaren ehiza»: beste aldeko eskuaz alkandoraren lepoarekin

 ari da jostatzen, eta besoaz bizkarra inguraturik eskuan harrapatu duzu berea.

         d) «Usoen hegada isila»-ren bereizkuntza, eskutik hartzean besoa

 doblatu eta bere gerriaren beste alderaino eramaten dizu. Ariketa honi «besoak

 elkar gainka» esaten zaio, eta zenbait lekutan, Urola aldean batez ere,

 «gerrialdeko triangulua» ere bai.

 

         a) Eskua beste aldeko bizkarrean ipini diozu, eta besteak, gerria

 inguratzen dizu besoaz. Halakoetan komenigarria izaten da beso libreaz eskua

 har diezaiozun. Azken fasea urratu duzu «lorategietako korapiloa»-z.

         b) Gerriak elkarri inguratzen dizkiozuenean, «gurutzearen korapiloa»

 egiten duzue. Praktika hau, maiz askotan, uztartze sakonagoren ataria izan ohi

 da.

         d) Esku ahurraz besoa elkarri hartzen diozuenean «uhin apartsuen lotura

 bikoitza» ari zarete egiten, edo eta, Vatsyayana zaharrak dioen bezala,

 «sugearen besarkada».

 

 


inprimatu