inprimatu
Zurezkoa da zeru nabar hau, iltzeak ditu josita...
Izenburua:
Zurezkoa da zeru nabar hau, iltzeak ditu josita...
Sinadura:
Jose Luis Otamendi
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Otamendi, Jose Luis

Argitalpena:
Vladimir.
Urtea:
1998
Argitalpenaren urtea:
Alea:
8.zk.
Orrialdea:
6

Jose Luis Otamendi

 

 Zurezkoa da zeru nabar hau, iltzeak ditu josita:

 euria dakar.

 Ibai ondotik nabil,

 zaharrek eta umeek hartua dute ingurua,

 argitasun bustia darie etxeei arratsean:

 etorriko dira sasoi hobeak

 baina ez ditugu geurekin ekarri,

 haur baten negarrak egin dio ihes leiho altu bati;

 euria dakar.

 Etxeko sukaldetik bezala begiratzen diot jendeari

 kalea:

 gaur ezer gertatzen zaion

 munduaren erdi-erdian suertatu naiz.

 Behebarruetako hormak izerditan dira,

 eta garai batean beti ondoan genuen

 zu eroso eta lirikoa galdu zen

 inoiz argitu gabeko modu ilun batean.

 Mekanika hutsa baino ez du ematen bizitzeak

 askotan,

 baldintza tekniko soiletara errenditzea,

 eta eder deritzogu euri tanten jauste bakan horri,

 heltzear den ekaitzaren albiste da,

 aldaketa baten aurrerapena,

 eta aterpe bila hasten gara jendea.

 Usaien errea zabaldu du asfaltuak:

 Nire bihotza gordean da bakartu garenerako.

 Falta direnak ditugu berriro gogoan,

 Eta une batez baino ez dirudi urak ibaian gora egin duela,

 euriak behetik gora, zerua bustitzera, egin duela, kontraera...

 Bertsio ofizialik sinesten ez duen herri batekoa naiz.

 

                                                   In Dana lanbrotutte ikustot.

 

 


inprimatu