inprimatu
Etorkizuneko jendeari
Izenburua:
Etorkizuneko jendeari
Sinadura:
Bertolt Brecht
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Joseba Sarrionandia)
Egilea(k):
Sarrionandia, Joseba
Brecht, Bertolt

Argitalpena:
Vladimir.
Urtea:
1998
Argitalpenaren urtea:
Alea:
7.zk.
Orrialdea:
4-7

Etorkizuneko jendeari

 

Bertold Brecht

 

eskaratzailea: Joseba Sarrionandia

 

                         I

 Haro hitsetan bizitzea suertatu zaigu!

 Hitz inozenteak zentzugabekoak dira,

 Bekoki lisuak intsentsibilitatea

                 adierazten du.

 Barre egiten duenak oraindik ez ditu jaso

                 albiste izugarriak.

 

 Zer dira harook non eta zuhaitzei buruz solas egitea

                 ia delitoa bihurtu den

 Krimen askorekiko isiltasuna

                 ezkutatzen duelako...

 

 Karrikan barrena lasai doan hori,

 Behar duten bere lagunek

 Ez dute gehiago aurkituko?

 

 Egia da: oraindik ere jateko lain irabazten dugu.

 Baina sinets egidazue: kasualitatea da.

 Egiten dugunak ez digu asetzeko eskubidea ematen.

 Halabeharrez barkatu digute bizitza (gure suertea

                 aldatzen bada, akabo)

 

 Esaten digute: Jan eta edan! Zer duzue, alai zaitezte!

 Baina zelan jan eta edanen dugu gero

 Jaten duguna gosetuari kendua badiogu

 Eta gure ur basoa egarrituak behar badu?

 Eta hala ere jan eta edan egiten dugu.

 

 Jakintsu izan nahi genuke.

 Antigualeko liburuek erakusten dute

 Zelan izan jakintsua:

 Munduko burruketatik aparte geratu eta

 Bizitzeko emana zaigun denbora laburra

 Izurik gabe iragan.

 Eta biolentziarik gabe.

 Txar jasoaren truke ona bueltatuaz.

 Desirak bete ez, baizik eta ahaztu:

 Hara hor jakintsuaren manera.

 Baina ezin dugu halakorik ezer egin:

 Haro hitsetan bizitzea suertatu zaigu benetan!

 

                         II

 Desordenu harotan ailegatu ginen ziudadeetara,

 Gosearen jabego zirenean.

 Iraultza haroan bildu ginen lagunekin

 Eta haiekin batera altzatu ginen.

 Horrela iragan zen urrean

 Bizitzeko eman zitzaigun denbora.

 

 Bataila baten eta bestearen artean jan genuen

 Hiltzaile artean etzun nintzen lo egiteko.

 Amodioa arretarik gabe egin

 Eta natura, ezinegonez behatu genuen.

 Horrela iragan zen lurrean

 Bizitzeko emana zitzaigun denbora.

 

 Gure indarrak eskasak. Helburua

 Oso hurrin zegoen.

 Aisia ikusten zen, nahiz eta guretzat

 Hatzemangarria ez izan.

 Horrela iragan zen lurrean

 Bizitzeko eman zitzaigun denbora.

 

                         III

 Zuek, gu murgildu gareneko mareatik

 Sortuko zaretenok,

 Gure ahuldadeak apatuko direnean

 Pentsa ezazue haro hitsetatik

 irten zaretela.

 

 Guk herriz ere aldatu beharra izaten genuen,

         zapataz aldatzen den bezala,

 Gure herrian injustizia besterik ez zegoenean,

                 hasarrerik aski ez zegoenean.

 

 Eta halaere badakigu:

 Zikinkeriarekiko arbuioak ere

         masaila itxuraldatzen du.

 Injustiziarekiko gorrotoak

         abotsa lazten du. Ai, gu,

 Mundu amoltsua eraiki nahi genuen eta

         ezin ginen izan geu amoltsuak.

 Zuek, halabaina, gizona gizonaren lagun

         izanen deneko haroak iristean,

 Pentsa ezazue gure haroetaz eta

 Izan zaitezte bihozberak gurekin.

 

                       In Joseba Sarrionandia, Hezurrezko xirulak. Elkar, 1991.

 

 


inprimatu