Gure Misionestari
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
1
Berriz ere nahi naiz hemen kantuz ari
Kazetan ikusirik denentzat goraintzi
Igorleak ordaina segur du merezi
Urrun gan zaiku bainan ez gaitu ahantzi.
2
Afrika hori dela zabal eta haundi
Hori ikasi nuen eskolan aspaldi
Bihotz bihotzean da hiri bat Burundi
Hiri hortara gan da Hiriart-Urruty.
3
Apez xarmanta eta zer gizon arraia
Zer nahiri lotzeko, ez eskas kuraia
Jainkoak igorririk ukan zuen deia
Afrika beltz hortara iteko piaia.
4
Afrika hortan baita jitez jende beltza
Hoiek bildu daukute behar zen apeza
Orroiturik Jesusen leheneko hitza
Lana haundi da bainan ttipia laguntza.
5
Eskualdun semea da Hazparnen sortua
Eskualdun esne horrek nola haunditua
Jakitate haundia erne izpiritua
Zahar ohidureri haundizki lotua.
6
Batzuek mutil eta bertzeak nagusi
Leku orotan hola jendea da bizi
Pentsatuz hor zarela zu laketzen hasi
Eskual-Herriak zaitu igortzen goraintzi.
7
Penen ondotik baita jiten bozkario
Jainkoak nahi badu: Ikusi artio!
Osagarri on eta atxik memorio
Jin eta kondatzeko zonbait ixtorio.
8
Apezak azken hitza beti beretako
Zerbaiten galdetzera naiz atrebituko
Zuk usaia baituzu otoitz egiteko
Artetan gutaz ere hoitan orroitzeko.