Euskaldun kardinalea
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
1
Hemeretzi ehun-ta hiru hogoita hemeretzi
Kantu berri moldatzen nahi nuke hasi
Berritz ere kargutan igan dela goiti
Deneri kantatzia ezaiku itsusi.
2
Euskal-Herri Lapurdin zer herri pollita
Haundizki famatua beti Ezpeleta
Aita Sainduak ongi karkulak in eta
Kardinale egin du apez bat xarmanta.
3
Euskaldunak munduan ez garela nornai
Kantatuz esplikatu nahi nuke orai
Irria ezpainetan arpegia arrai
Kardinale jarri da Roger Etchegaray.
4
Arras gazte ukanik Jainkoaren deia
Zu baitan zela apez haundi baten gaia
Kargua jasan zazu atxikiz kuraia
Haundia izanen da zeruan saria.
5
Berri xoragarria entzun baitut atzo
Hortakotz berehala zuretzat naiz mintzo
Gu bien sort-herriak elgarrekin auzo
Deneri kantatzia plazer eta goxo.
6
Baionan egoturik ta gero Parisen
Frogak ezarri ditu apez horrek nor zen
Lehen zaharretarik entzun dut erraiten
Obretarik gizona deia estimatzen.
7
Beti haundi izan da apez horren fama
Araberan haundia ukan ere lana
Desira hauxe dautzut nik ere egina
Osagarri on eta emazu aintzina.
8
Bizi hunen ondotik bizi loriosa
Giristino guziek dugu esperantza
Zerurat gidatzeko emaiteko meza
Jesusen ordaintzeko behar da apeza.
9
Hoinbertze adixkide bai eta ezagun
Zorteak manaturik bizi dira urrun
Euskaldun nortasuna begira dezagun
Guziak guzietan agertuz euskaldun.
10
Apez haundi baitzare Jaunaren oinetan
Fagore hau eskatzen dautzut pertsu huntan
Ez gaitzazula ahantz zure otoitzetan
Jainkoa kantatzeko denek zeruetan.