Besta arranoa
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
1
Ai zer herri xarmanta Lapurdin Senpere
Zu kantatzera noa hemen berriz ere
Igandean lau gizon ohoratu dire
Hiru apezak eta laugarrena fraide.
2
Hirogoi urte apez jeun ertor ohiak
Berrogoit'hamar urtez dira bi anaiak...
Hogoi eta bortz urte Dokhelar gazteak
Diamant, urre, zilarrez zituzten ezteiak.
3
Eliza hoi gaindika betea zen jendez
Herri guzia baitzen etorria kolpez
Aldarean ere zen kokahala apez
Jaunari otoitzean kartsuki bihotzez.
4
Hoinbertze apez eta hoinbertze serora
Senperetik jaliak denetan badira
Gutiz geienak dire jin besta hortara
Elgarrekin egun bat ona pasatzera.
5
Beti ederrik dago Senperen korala
Ongi segitzen dute lehen hasi saila
Plazer zen entzutea hoien xaramela
Senperen boz ederrak beti badirela.
6
Obretarik ageri gidarien marka
Beti edertuz doa hor Emak-Hor klika
Denendako atsegin holako musika
Ongi harrotu dute eliz'ta karrika.
7
Besta arraro hori ikustea gatik
Ni ere etorria nintzan Baionatik
Ikuslari segura bazen ni bertzerik
Arbasoak lorian begira zerutik.
8
Batzu zahartzen bainan gazteak etortzen
Mundu huntan bizia hola da kurritzen
Jainkoari grazia heu diot galdatzen
Gure artean luzaz hauk egon ditezen.