Baratzeko lilia
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
1
Oi baratzeko lilia
Distirant pare gabia
Ikus orduko gustatu zautan zure arpegi eztia
Zure aldean pasa nezake munduko bizi guzia.
2
Zonbat nauzun agradatu
Nahi nuke esplikatu
Zu ikusirik amodioa kolpez zautan eni piztu
Geroztik hunat ene bihotza deusek ez du kanbiatu.
3
Zure arpegi xabala
Gustaturik berehala
Geroztik beti gau eta egun zure ondotik nabila
Zure ondora etorri gabe ni ez nagoke nihola.
4
Zure begien distira
Deuseri ezin konpara
Hoien parerik ez da agertu ene begien bixtara
Bake osorik ez dut izanen zu bildu arte aldera.
5
Ni zutaz agradatua
Bizi naiz loriatua
Ene bihotza zure gana da esperantzaz hanpatua
Zu baitan ere sortuko dela enetza amodiua.
6
Negu eta primadera
Elgarren ondotik dira
Xarmegarria zu ere zaite luzatu gabe deklara
Zurekilan ezkontzeko badudanetz mentura.
7
Nik zonbat zaitudan maite
Esplikatzen ez da aise
Zutarik urrun beti denbora kausitzen dut ainitz luze
Ene bihotza tormentan dabil zu ganat etorri arte.
8
Kantuz naho bozkarioz
Maitaturik amodioz
Bi presunetan amodioa eder da eta balios
Mundu huntako bizi guzia iragaiteko lorios.
9
Lilietan ederrena
Jainkoak zaitu egina
Nik ere hari galdatzen diot eman dezadan dohaina
Zure aldean iragaiteko gaua eta eguna.
10
Baratze ondoko mertxika
Lorez betetzen gaindika
Lore hetarat erleak dira maiz etortzen hegaldaka
Gisa berean ene bihotza amodioak dabilka.
11
Primaderako arrosa
Gazte eder loriosa
Nik zure baitan ezarri ditut gogos eta bihotza
Ez da dudarik Jainkoak gaitu biak egin elgarrentza.