Amodiozko kantua
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
1
Amodiozko kantu berriak orai noa kantatzera
Ene gogoko pentsamendua guzieri erraitera
Ni ere oinon frango gazterik lerratu nintzan hortara
Ohartu gabe nola ninduen bildu bere saretara.
2
Amodioa gauz'baliosa delarik garbi ta fina
Bi presunetan suertez bada hola gertatzen berdina
Elgar maitatuz eremaiteko gaua bezala eguna
Hori ditaike mundu huntako ontasunik ederrena.
3
Amodioa xoragarria eta zonbat baliosa
Bi presunek hola dutenean betikotz eman bihotza
Elgarrekilan eremaiteko bizi-molde bat urusa
Horrek segur emaiten baitu kurai eta esperantza.
4
Bihotzeri gertatzen bada maitatzea amodioz
Bizi molde baten muntatzeko kurai eta bozkarioz
Hare daiteke mundu hunetan beharra bezain balios
Bizi guzia iragaiteko elgarrekilan lorios.
5
Amodioa hogoi urtetan ederra da eta bero
Orduan denak ederrak dira agintza solalta oro
Xorien pare beti saltoka badabiltza zonbait xoro
Pausatu-ordu egin dutenaz urrikitan jartzen gero.
6
Amodioaren loreak du gero ekartzen fruitua
Orduan da bizia lorios familiaz inguratua
Guziak berdin maitatu behar oi nola bere burua
Hori daiteke guziendako lege mundu huntakoa.
7
Adinarekin amodioa segur itxuraz eztitzen
Gaztean dugun oldar beroa gorputxak ez du galdatzen
Elgarrentzat den maitetasuna halere ez da aldatzen
Igan denboraz orroitu-eta azkarkiago juntatzen.
8
Jendea urusago bizi da bihotzez elgar maitatuz
Mundu huntako pena-plazerrak elgarrekin karreatuz
Amodiozko bien fruitua familia bat muntatuz
Jainkoak eman legea dela obra guzietan orroituz.
9
Bizia hola pasatu-eta adina baita etortzen
Elgarrentzat den maitetasuna harek ez du kanbiatzen
Indarrak galtzen ikusiz elgar hobekian sokorritzen
Bihotzean den amodioa ez da sekulan higatzen.
10
Mundu huntarik gan behar baita mundurat etortzen dena
Nihork ez jakin gu bietarik zoin gan behar den lehena
Jainko onari galde hau diot bihotz barnetik egina
Hil-eta ere otoi bil gaitzan gu biak elgarren gana.