inprimatu
Artzai baten eriotza
Izenburua:
Artzai baten eriotza
Sinadura:
Zubimendi, Jose
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zubimendi, Joseba

Argitalpena:
Argia.
Urtea:
1925
Argitalpenaren urtea:
5
Alea:
235.zk.
Orrialdea:
1

Artzai baten eriotza

 

Zubimendi

 

     I

 

 Egun sentia. Laño tartean

 Mendiak dula erdibitzen

 An azaltzen da eguzki ederra

 Pozez ludia betetzen.

 Gorri, urdiña, margo guziak

 Dira zeruan agertzen.

 Txori abeslari alaigarriak

 Txio-txioka abestutzen.

 

 Andres artzaia golztar jeiki da

 Ardiak mendiratzeko,

 ¡Ondo alaia, tente ta ariña

 Dabill ain zarra izateko!

 Larogei urte ditu ta illea

 Bere ardiaren antzeko

 Zuria, bañan ura alakorik

 Ez da artalderik zaitzeko.

 

 Gizon kementsu, begi urdiña,

 Eguzkiaren indarrez

 Arpegi beltza, españak beti

 Dauzka jarrita irri-parrez.

 Mendiko pake donean gozo

 Bizi da artzaia txit pozez

 Urietako guda ta okerrak

 Utzirik pakien ordez.

 

 Zakur gazte bat jolasten beti

 Dabilki aldamenean

 Onek laguntzen dio billatzen

 Ardi bat galtzen danean.

 Maitasun dana jarrita dauka

 Zakur eta artaldean

 Beste oldozmenik ta maitasunik

 Ez du gorde biotzean.

 

 Ubelarri bat eskun jiraka

 Abesti bat españetan

 Artalde atzetik alai dijoa

 Mendi bide-txigorretan

 ¡Zeñen zoriontsu, zeñen poskida

 Arkaitz eta zelaietan

 Ardi zuriak be-ka paketsu

 Dabiltzan inguruetan!

 

 Ala ikusi nun Aloña aldean

 Andres, gure artzai jatorra,

 Beti gozanki beti irri-parrez

 Zartu ta alare pizkorra!

 ¡Zeñek oldoztu ura ikusi ta

 Aren eriotz gogorra!

 Oroitu eta begietara

 Datorkit malko minkorra.

 

     II

 

 Negu gordiña. Kana bete elur

 Badago mendi danean

 Bañan oraindik, mitxirikak lez

 Egaka dabiltzanean,

 Jira txorotan elurren printzak

 Gelditzen dira lurrean.

 Oyal zapi bat zuri berdiña

 Jarri da lurren gañean!

 

 Bide-txigorren arrasto gabe

 An datoz mendian bera

 Andres artzaia ta bere ardiak

 Txabola pian sartzera.

 Ardi gaxo bat nekatu eta

 Gelditzen bada atzera

 Laixter artzaia antxen dijoa

 Bestien gana ekartzera.

 

 Poliki datoz, irrixt eginaz,

 Nunnai eroriz lurrera

 Jaikirik emen, errenka, motel,

 An erortzeko ostera.

 Zori txarrean bildotx eder bat

 Aldendu da basterrera

 Ta labaindurik antxe sartu da

 Leize zulo baten bera.

 

 Ura atzekabe, ura oñazea

 Artu du artzai zintzoak!

 ¡Amorruakin begietara

 Etorri zaizka malkoak!

 Ta itxuturikan, sentzurik gabe,

 Utzirik gañontzakoak,

 Bildotx atzetik bere burua

 Bota du artzai gajoak.

 

 Gau belz illuna, iritxi da ta

 Oraindik ere zerutik

 Elur puxketak mendi gañera

 Dator jiraka gogotik.

 Ardiak be-ka, zaunka txakurra

 Ittun artzaiarengatik

 An geldi dira alde egin gabe

 Leizaren aldamenetik.

 

 Artzai batzuek zaunkak entzun da

 Joan dira ikaratuta

 Ta ikusi dute samiñarekin

 Leire auloan sartuta

 Andres artzaien gorputz bikaña

 Elur maindirez bilduta

 Bere ille zuri-zuriarekin

 Elur zuria nastuta.

 


inprimatu