Presondegien geografia
Zelaieta, Anjel
1
Burdinazkoa, Herrera:
jausiko al da lurrera!
Mutil nobleak, besoak zabal,
neskatoari harrera.
2
Bihotz gorria daukala,
arima ez da makala:
Cervantes haren jaiotz herria,
agurtzen zaitut, Alcalá.
3
"Jilóca'ldean Daroka,
zeharo nago koloka:
etse aurrean ikus itzazu
kurriloitxoak saltoka.
4
Alcaraz-ko Albacete,
kaiola txontaz da bete:
ola berriko auspolariak,
gatigu ere, zarete.
5
Aragoe goian Oska,
neska doakizu hoska:
erdu etsera, orma hautsita,
gaitezen anaiok bozka.
6
Portugal mugan, Cacerés:
ez naiz aberats aberez:
muru sendoak ezin eratzi,
gizagaisook, ez, berez.
7
Lugo dago Galizan,
berbeta ahulezian:
neskak mutila askatuko du
hurrengoko karizian.
8
Carabanchel da Madrilen,
mutila dabil abilen:
dorre honetan nagoenetik,
zein eroturik nabilen.
9
Arabarra da Nanclares,
ederra lehen dolarez:
azken aldion satsitu dute
kate beltzez eta sarez.
10
Utzi ezak komeria,
hasteko erromeria:
itsaropenez hartuko dugu
Almirez-en Almeria.
11
Altu altuan urtzia,
kolore berdez Murcia:
zuri eskua estu emanez,
etorri zait zuhurtzia.
12
Gaztelako Segovia,
iheslarien hobia:
lehen hegada galduagatik,
ez al da irtengo bia.
13
Atlantiku aldera joz,
Extremadura-n Badajoz:
aldra handiak doaz, pentsakor,
dantza eta musika joz.
14
Tontor zorrotza da Milloi,
ez gara hainbeste miloi:
Valencia-n da neska-mutilen
gatigu-leku Castilloi.
15
Preso dauzkate Parisen,
falta zaizkigu Gorliz-en:
neskatiltxoa zein korajetsu
mutilen bila ari den.
16
Gatigu neskak Parisen,
gatigu neskak Cadizen:
gatea horra, gatea hona,
Sisifo, zelan gabizen.
17
Aspaldikoa Dueso,
oraintxe ere gaude so:
hainbeste aldiz ureztatuta,
teilak ere hezo-hezo.
18
Uretan tinko Ogoño,
maitatzen zaitut, Logroño:
zure hegoan luma ederrak,
begira nago, usoño.
19
Cadiz-ko Santa Maria,
Alberti da hizlaria:
gatzaga hortan izan zenuen
lehorteko hitz-saria.
20
Cadizko kopla saria
berbetarako haria:
eiharari bota ahalean,
eskaintzen dizut garia.
21
Santa María bortua,
Alberti, da agortua?
Begira haurra, amets handitan,
itsa-ondoan sortua.
|