inprimatu
Ibil gaitezen batasunean
Izenburua:
Ibil gaitezen batasunean
Sinadura:
Zelaibarri
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zelaibarri

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
929.zk.
Orrialdea:
37

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Ibil gaitezen batasunean

 

Zelaibarri

 

 Honela hobe jabe daitezen

 harrika ari direnak,

 hona hemen zortzi bertso hauek,

 mutiko oker batenak,

 atsegin ez baititu ARGIAn

 zenbaitek diotezenak

 -eta bihotz onez barka beza

 konforme ez dagoenak-.

 

 So ez bagaude gure euskara

 laster desager daiteke,

 etsaiak nonnahi bere aurka

 gogor baititu jota ke.

 Guztion batasunak bakarrik

 oraindik salba lezake,

 baina euskaltzaleok gabiltza

 batere elkar hartzeke.

 

 Euskal kulturaren, apurketan

 ez naiz ni inoiz sartuko,

 hobeto genuke lehengoa

 lehen balitz burutuko:

 euskara geure herri osoan

 gaur bagenu hedatuko,

 denok dugun amets urrun hor

 bihar genuke lortuko.

 

 Guztiek batua onartzeko

 egon Binen, oso larri,

 baina orduan denok -genbiltzan-

 batasunaren egarri.

 Orain ordea nahi gaituzte

 hausturaren alde jarri.

 Horren truke guri eskaintzeko

 zerbait digute ekarri?

 

 Hemen politika larri dabil,

 gauza benetan serioa,

 politikoek konpon dezaten,

 ta ez linguistentzakoa;

 hauen kezka izan bedi, berez,

 erabat bestelakoa,

 egun hizkuntza baitugu hemen

 askoz premiagozkoa.

 

 Kultura ta politika doaz

 sarri elkarren ondoan,

 baina ez nago batere biak

 bakarra direlakoan.

 Ondo bereiz itzazue, otoi,

 hizkuntzaren arazoan,

 euskara sekula gal ez dadin

 istilu politikoan.

 

 Amatiño ta Gobernukoak;

 UZEIko adiskideak;

 zuek, Mitxelena, Sarasola,

 euskaldun irakasleak;

 edozein partidutakoak ta

 ARGIAko langileak;

 edonongo Euskal Herritarrak

 eta «Euzkerazaleak»:

 

 HERRI HAU BERREUSKALDUNDU ARTE

 BEHAR DUGU BATASUNA,

 helduko bide baitzaigu gero

 banakuntzaren eguna.

 Kezka honi behar diozue

 ondo eman erantzuna,

 hauxe delako euskaltzaleok

 eskatzen dizueguna.

 


inprimatu