inprimatu
Errenderi
Izenburua:
Errenderi
Sinadura:
Zapirain Ezeiza, Xalbador (\"Ataño\")
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zapirain Ezeiza, Xalbador

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1969
Argitalpenaren urtea:
Alea:
336.zk.
Orrialdea:
2

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Errenderi

 

Ataño

 

 -1-

 

 Agur, sorterri maite,

 agur, Errenderi,

 tximinipean ia

 etzera ageri.

 Mendiak etxez bete,

 azitzen geiegi;

 ezagunak ez diran

 ainbeste arpegi,

 etzera orratik zu

 gaur «beti mixeri».

 

 -2-

 

 Kalietan aruntz ta

 onuntz nabillela,

 euskeraz egin diot

 jaun bati galdera.

 Nungotarra da au? esan

 nai balit bezela,

 zear begiratuta,

 qué dice, berela,

 sortu nintzan errian

 arrotza naizela.

 

 -3-

 

 Nare txikitan, eleiz

 atarian sarri,

 kantuz aritzen ziran

 ainbat bertsolari.

 Meza ondoren salduz

 artu nai zunari;

 gazteok etxeraño

 bertsoak kantari,

 gaur euskerazko itzik

 ez degu nabari.

 

 -4-

 

 Geroztik joan zaizkigun

 urtien aliak,

 erdaldundu dizkigu

 zar eta gaztiak.

 Xenpelar'ek astindu

 zituen kaliak.

 aberats dira baña

 euskera gabiak,

 zer egiten dezute

 Xenpelar-zaliak?

 

 -5-

 

 Errenderi maitea

 etzera alperra,

 urte gutxian au da

 gorako laisterra.

 Bertsolarien erri;

 ain ziñan ederra!

 erdera gaur nagusi,

 euskera maizterra,

 orra izkuntz zarrari

 diozun eskerra.

 

 -6-

 

 Errenderi maitea,

 etzabiltz ixilla,

 zure barrumbe ortan

 ba-da ixkanbilla.

 Aberats omen zera;

 orko diru pilla!

 Ez ordea lengoa:

 izkuntz zarra illa,

 Euskalerri ziñana

 biurtu Kastilla.

 

 -7-

 

 Ongi dago gorako

 bideak artzia,

 ez bere nortasuna

 besteri saltzia.

 Ori da ezin kendu

 dedan oñazia,

 gorputzez edertzeko

 sorterri maitia,

 bearrezkoa al zan

 gogoz aldatzia?

 

 -8-

 

 Zure seme Xenpelar

 nor zan erakutsi?

 bertsolari oberik

 ez degu ikusi.

 Xenpelar-etzaz zuri

 gaur ajola gutxi,

 aren izkuntz zarrari

 ez diozu eutsi,

 maitasun auek ilda

 dirua nagusi.

 

 -9-

 

 Gizon txiki, ernea,

 bluxa bat besuan,

 ezaguna Xenpelar

 etxe ta auzuan.

 Bere antzeko norbait

 topatzen bazuan,

 bertsoak eten gabe

 zitun erasuan,

 merke jartzen zun pesta

 euskera goxuan.

 

 -10-

 

 Xenpelar urrun zala

 eun urte beteak,

 ez-jakin bat, alare

 maite du jendeak.

 Ba-ziran aberats ta

 jakintsu trebeak;

 illunpean daude gaur

 izenik gabeak,

 erriak ezagutzen

 baititu bereak.

 

 -11-

 

 Oraindik bizi gera;

 ez da galdu dena,

 pozgarri da erriko

 askoren kemena.

 Zabal nairik Xenpelar

 zanaren izena,

 erriak eskeñi nai

 lioken omena,

 euskera indartzea

 litzake onena.

 

 -12-

 

 Atsekabez biotza

 illuntzen zait neri,

 Xenpelar'en erria

 ez da euskal-erri.

 Jendez, izkuntzaz, dena

 egin zaigu berri;

 maite zaitun batentzat

 ez al da geiegi?

 lo-zorro ortatik esna

 zaitez Errenderi!

 


inprimatu