Verba mea auribus percipe, Domine (V'garren salmua)
Nere eleak adi itzatzu,
Yauna, zuri bainagotzu;
nere barneko asperenari
arren! gogo-emaiozu.
Zu nere errege ta nausi,
nere Yainko zeran ori;
otoi! ez izan entzun-gogorra
nere dei-oiu miņari.
Zuri nagotzu arrenez
beti gauez ta egunez;
goizean goizik nere eskaria
entzuten duzu gogo onez.
Goizean goiz zure etxera
banator zure aurrera;
nere otoitza eskeintzen dizut,
egoten nauzu begira.
Etzera zu, tzarkeria
atsegin duen Yainkoa;
zure ondoan ezin daiteke
iņola bizi! gaixtoa.
Ezin dagoke txutirik
zure aurrean gaizkiņik;
oben-egile aidur guziak
iguin dituzu gogotik.
Gezurrez mintzo diranak
galtzen ditu gure Yaunak;
Yahwek biziro gaitzesten ditu
odol ta iruzur-zaleak.
Ni berriz zure errukian
agertzen naiz zure etxean,
zure beldurrez apal gurtzen naiz
zure yauregi sanduan.
Yauna, zure zuzenbidez,
bide legun ta berdiņez
zuk naroazu, eror ez nadin
nere yazarleon aurkez.
Beren agoan ezpaita
zintasunik, bai gezurra;
beren biotza galdua da ta
mia lausenguz ari da.
Beren eztarri-lezea
illobi zabaldu bat da.
Isun itzatzu erruki gabe
beren obenen araura!
Ustel atera bitezi
beren amarruak beti;
zuri eraso dizutelako,
iraul zatzu ta egotzi.
Zugan abaro daudenak
alaituko dira denak;
egun ta beti poztuko dira
zu baitan uste dutenak.
Zuk estaliko dituzu
nere egapean artatsu,
ta zure izena maite dutenak
poztuko dira gogotsu.
Zuk baituzu, Yahwe Yauna,
onesten gizon zuzena;
zure onginaiz ezitzen duzu
mazmarro batez bezela.