inprimatu
Seme galduari, herriari: ama batek
Izenburua:
Seme galduari, herriari: ama batek
Sinadura:
Uria, Juan Jose (Haltzadi)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Uria, Juan Jose

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1038.zk.
Orrialdea:
41

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Seme galduari, herriari: ama batek

 

Haltzadi

 

 Barrenak ez dit agintze

 baina noa hastea,

 isiltasunak ezartzen

 duen muga haustea,

 zorigaitz batek lur jota

 nagola esatea,

 bihotza ahul darabilkit

 sentimentuz betea.

 betiko agurtzen zaitut

 nere seme maitea.

 geroztik ama daukazu

 ilun eta tristea.

 

 Ideiak sendoak eta

 borondatea fina.

 bihotzez biguna zinen

 izpiritua burdina.

 Gizartearen laguntza

 izan duzu dotrina,

 euskararen alde berriz

 hamaika lan egina,

 arinduko litzateke

 dadukadan samina,

 gure artean bizirik

 aurkituko bazina.

 

 Herri txiki batetako

 baserriko mutila,

 lan egin behar zenean

 beti zeunden hurbila,

 gaztetandik kezkatua

 libertateen bila,

 bortitz jasorik eskuan

 euskaldunen makila,

 orain etsaiaren armak

 ta gorrotoak hila,

 herriak eredu zaitu,

 semea esker mila!

 

 Azter dezagun batera

 barneko gogoeta,

 haizetara zabaltzeko

 joko dugu tronpeta,

 herria hamaika katez

 lotuta daukate-ta,

 ito nahi dute arnasa

 isildu nahi poeta,

 burruka egin dutenak

 itzalean gordeta,

 baina ez dugu sekula

 makurtuko kopeta.

 

 Nik ez dakit nere hitza

 konprenitzen dezuten,

 hondatzen hasia nago

 gauza berak entzuten,

 lehen diktadurakoak

 nola irain ziguten,

 baina guk jakin genuen

 zutik ttinko irauten,

 horra orain demokratak

 zer eskaintzen diguten,

 hasteko nere semea

 hamar balaz hil zuten.

 

 Maite zuen herriari

 bizitza eskaintzean,

 borrokalariek beti

 egin duten antzean,

 jarri ninduen erabat

 amiltzeko trantzean,

 hura zen minbera eta

 samina bihotzean,

 izan ere maitea den

 semetxoa galtzean,

 loreak ere goibeltzen

 zaizkigu baratzean.

 

 Zure amaren aurrean

 orain gorputz zaudela

 mundu txar honen gainetik

 nahi nuke errebela,

 hain gertaera tamala,

 zital eta hergela,

 baina etsaiek betiko

 pentsatu dezatela,

 herri zahar honen arima

 desagertzen ez dela,

 eta Aitaren Etxea

 defenditzen gaudela.

 

 Amen semeenganako

 jaiotzeko lotura,

 hil arteraino irauten

 dun gozotasun hura,

 maitasunak agintzen du

 maitemindu modura,

 baina nonbait bereizteko

 une latza heldu da,

 semearen hutsuneak

 sortzen duen tristura,

 hego bihurtzen da ipar

 haizearen freskura.

 

 Adierazten dut dena

 herriak jakin dezan,

 giro alai haiek sortzen

 zu hainekorik ez zan,

 guraso, aiton-amonak,

 sendiak goza zezan,

 asmo ta itxaropenak

 etxekoen gerizan,

 orain gure bihotz-mina

 zein haundia den izan,

 barrun daramagu baina

 hitzez ezin da esan.

 

 Gertaera honek sakon

 erauntsi dit bihotza,

 baina samintasun hontan

 egin nahi dut aitortza,

 buka daitezela azkar

 gerra ta heriotza,

 horra herriaren oihu,

 ta garraisi zorrotza,

 haizeak ekar dezala

 elkarrizketen hotsa,

 ta askatasunarekin

 bakearen jaiotza.

 

 Nork ez du Euskal Herrian

 jasan une tristerik,

 hainbeste seme-alaba

 askatasun gaberik,

 hilak, herbestean edo

 gartzeletan gorderik,

 nahiago nuke guretzat

 egoera hoberik,

 nahi baldin bada herrian

 bakea egiterik,

 ez dute geurea dana

 ematea besterik.

 

 Gero hobe batek beti

 ahaleginak dakartza,

 mahastian ere ia

 heldurik da mahatsa,

 bidean ordea bada

 oztopo ta arantza,

 baina Euskal Herri Zaharrak

 beste askoren antza,

 askatasunaren bila

 altxako da gorantza,

 ez baita sekula galtzen

 herrien esperantza.

 


inprimatu