Senperen urrezko ezteiak
Treku, Mattin (Mattin)
1
Hazilak hoita-hiru Jondoni Klemente
Gaurko ezteietarat gomitatu naute
Ezkonduak direla berroit-hamar urte
Mayi Etxeberria ta Mixel Kapotte (bis)
2
Gau on ezteiliarrak ta ongi etorri
Barkamendu galdatzen dautzuet deneri
Ohore egiteko aita-ta amari
Kantatu nahi ditut zonbeit pertsu berri.
3
Zoinek ez ditu maite bere burasoak
Haurrentzat horren bertze in duten gaixoak
Halere lagundu-tu zerutik Jainkoak
Egin ahal ditzaten eztei urrezkoak.
4
Haur andana ederra mundurat emana
Horrek kontsolatzen-tu aita eta ama
Badute osasuna, eguneko lana
Gogotik etorriak egun zuen gana.
5
Neke-ta lana frango egin-ta ondoan
Zoriontsu zarezte guzien buruan
Iloba ttiki hoiek zuen inguruan
Gauza ederragorik ote da munduan?
6
Elgarrekin bizirik berroit-hamar urte
Ezkont berrian bezain oino elgar maite
Gaurko gazte zonbeitek beha balezate
Etsenplu hartzekoa segur balukete
7
Gauzarik hoberenak badu akabantza
Huna azken agurra orai guzientza
Jaunari galdeginez aitama onentza
Zorion-ta osasun hainitz urterentza.