inprimatu
Hauzoko baserri zenari
Izenburua:
Hauzoko baserri zenari
Sinadura:
Treku, Mattin (Mattin)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Treku, Mattin

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1974
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1255.zk.
Orrialdea:
5

Hauzoko baserri zenari

 

Treku, Mattin (Mattin)

 

 1

 

 Baserri xahar maitagarri bat, oihan baten sahetsean,

 egun guziez ikusten nuen, etxetik ateratzean;

 orai lurrerat erori da ta pena daukat bihotzean,

 nigar iten dut hor pasatako egun onez orroitzean.

 

 2

 

 Nik haur-denboran baserri hortan nintuen josta-lagunak,

 Beti gogorat etortzen zaizkit hor pasatako egunak.

 Ai zer andana biltzen ginenak, ahaide ta ezagunak!

 Bertze mintzorik etzen gurekin, oro ginen eskualdunak,

 

 3

 

 Uda partean hor biltzen ginen igande arratsaldetan,

 pareta xahar arrailakatu makur heieri pilotan.

 Bero zelarik exeri eta intxaur azpian kartetan,

 etzen halako telebixtarik guretzat denbora hetan.

 

 4

 

 Neguan ere, egina gatik horma ikaragarriak,

 goxotasuna ematen zuen sukalde maitagarriak;

 bero-beroa jartzen gintuen han zagon brasa gorriak,

 atseginekin egoten ginen alki batean jarriak.

 

 5

 

 Sukaldearen bazter batean han zagon berritz labea,

 hameka arto borobil eta ogi zuriak errea;

 afaltzerako gehienetan taloa eta esnea,

 lo egiteko sano baitzagon ume koxkorren barnea.

 

 6

 

 Oraino ere han berean da suillar tokiko harria;

 pegar batean hor egoten zen iturriko ur garbia,

 amona zarrak buru gainean goizean-goiz ekarria;

 huraxe baino hoberik ez zen kendutzeko egarria.

 

 7

 

 Aitonak berritz iten zituen otarre eta saskiak,

 hari begira egoten ginen hauzoko ume guziak;

 Zer ixtoria pollitak hari ditugunak ikasiak!

 Gogoan daude ume denboran ikasi ta ikusiak.

 

 8

 

 Sasoinekuak haritzen ziren kabalekin lanian,

 behiak sorro zelaian eta ardiak berritz mendian;

 mando zahar bat ere bazuten bertze guzien erdian,

 ume koxkorrak ibiltzen ginen aldizka haren gainian.

 

 9

 

 Egun guzia lanean pasa, afalduta arratsean

 etxeko denak inguratua haitzen ziren otoitzean

 arrosarioa egiten zuten Urrian ta Maiatzean,

 horiek oro finitu dira baserria erortzean.

 

 10

 

 Hori ikusiz askok iten du «Zer gertatzen da?» galdera,

 buraso zarrak hil ta joan ziren munduaz beste aldera;

 gazteak, berritz, lurraren iges, herrira edo kalera,

 horra zertarik etorri zaikun baserriaren galera.

 

 11

 

 Estalkirikan gabe jasaten ditu bero eta hotzak,

 horren itxura ikusi eta nigar iten du bihotzak ;

 abere basik baizik ez dauka geiago bizi-laguntzat,

 orai horrara biltzen dirare basa-gatu eta huntzak.

 

 12

 

 Baserri maite, zonbeit bisita gaztean egin dautzut nik,

 asko kantu're ikasi nuen baserri hortan entzunik;

 ta orai berritz kasik iduri ez cela hauzotasunik,

 hauzo artean ere ez baita lehengo goxotasunik.

 

 13

 

 Oraiko bizi berriak ere badauka bere itzala

 bakotxa bere kontu hai gira, guhaur bagine bezala;

 erdi lasterka iduri eta beti presan gabiltzala,

 lagun urkoa geio maitatzen Jainkoak lagun gaitzala!

 

 14

 

 Azken agur bat egiten dautzut, baserri maitagarria,

 jende guziek bakarrik utziz gaur lurrean eroria;

 zu ikusteak hemen uzten nau malkoz beterik begia,

 hola segituz ez da luzaro biziko Eskual-herria.


inprimatu