inprimatu
Lagun baten lagunari
Izenburua:
Lagun baten lagunari
Sinadura:
Sebas
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Sebas

Argitalpena:
Anaitasuna.
Urtea:
1973
Argitalpenaren urtea:
Alea:
248.zk.
Orrialdea:
10

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Lagun baten lagunari

 

Sebas

 

 Itsas bazterrean dagona!

 Haren begiak urrutian galtzen dira,

 haren asmoa hutsean hondatzen da.

 Itxaropen indargabea,

 sentitzen ez dena.

 Oihu zaratagabea,

 entzuten ez dena.

 Asmoa,

 gozoa,

 helburua.

 Gizon bat,

 heriotza.

 

 1

 

 Ordizi hortan erabakia

 hartu genuenez gero,

 bertso ederrak jarri dituzu,

 Mikel, azkar eta bero.

 Lehen pausoa eman baituzu,

 neu be hemen nator gero.

 Gure joko hau onuragarri

 izanen dela espero.

 

 2

 Gure Herria gaixorik dela

 ba dakigu aspalditik;

 baita dakigu osasun on bat

 ez datorkiola aidetik.

 Osagileak geu gara, noski,

 ez ekar inor kanpotik;

 eta segur naiz aski egingo

 duzula zeure aldetik.

 

 3

 

 Euskaldun jator azkarra zara,

 emaztegai andereņo;

 gure hizkuntzak zuen premina

 ba du, zinez, oraindino.

 "Erdara hori" komeniago

 dela norbaitek badino,

 guk behintzat geure euskararekin

 jarrai heriotzaraino.

 

 4

 

 Egun ederrak iragan ditut

 Goiherri alde horretan;

 zurgin bezala lan egin arren,

 ez nago horren penetan.

 Gaztedi jator txalogarria

 aurkitu dut hor benetan;

 euskaldun batzuk gelditzen dira

 oraindikan bazterretan.

 

 5

 

 Euskal Herria zen gure herri hau

 gaur dago erdaldundurik;

 baina ez uste, Mikel laguna,

 dagola erabat galdurik.

 Oraindikan guk ba dugu indarra

 nahiz txit sakabanaturik;

 ta duen mina senda ahal dela

 ez izan, mutil, beldurrik.

 

 6

 

 Euskal Herria erdal herritu!

 Ba dugu orain zeregina:

 geurea dena berriz geugantzen

 egin daigun ahalegina.

 Arerioa, nork uka daike

 dela txit habil ta fina?

 Baina harek be, irabazteko,

 ba du gehiagon premina.

 

 7

 

 Gure indarra llaburra baita,

 ezin dugu alfer galdu;

 inurria be txikerra, baina

 zezenarekin ahal du.

 Nor ta zer garen, mundu osoan

 egin dezagun azaldu;

 geure izena ezin dugu, ez,

 mutilak, hain merke saldu.

 

 8

 

 Gure herritik doan hibaiak,

 penaz darama pausoa;

 lur gosetiak irentsi nahi du

 haren ur garbi gozoa.

 Baina, Mikel, ez, ezin ahal du

 irentsi oso osoa;

 nahiz pixka bat nekaturikan,

 lortuko du itsasoa.

 

 9

 

 Lurrak irensten duen ur hori

 ez pentsa ahula dela;

 bere gosea asetzen dio

 besteak, beherantz doala.

 Otso batek be jana aski behar;

 nor hurreratu, bestela?

 Baina beragaz guk ere noizbait

 bete beharko sabela.

 

 10

 

 Humil ta txiro, baina asmo onez,

 amaitzera noakizu.

 Zuen lana komeni baitzaigu,

 aurrera jarrai egizu.

 Zure bertsoak euskaldunentzat

 onak direla jakizu;

 beraz, neronek neure neurrian

 beti erantzungo dizut.

 


inprimatu