Arrantzaleak
Andonegi, Z.
-1-
Itsaso zabal berdingabea
da beti sortu zanetik,
arrai ederrak ugari ditu
alde bat eta bestetik.
Antxoa ta atuna
geien ematen duna
beste guzien artetik,
garaian gaude ta betorkigu
itsas-alde orretatik.
-2-
Arrantzaleen bizibidea
oraingo bizibidea
batzuk benetan artzen dituzte
besteak berriz txantxetan.
Petrolioa gora
Jainkoak daki nora!
or dabiltz eztabaidetan,
oker aundiak sortu ditezke
itsas-ertzeko kaietan.
-3-
Itsas-ontziak, aundi ta txiki
guziak dabiltza estu,
gauzak onela dauden artean
konpontzerik iñork eztu.
Au, ori ta bestea,
sekulako nastea,
antxoa berriz merkatu,
berrogei pesta kilo antxoa
iñork eztu nai pagatu.
-4-
Gau beltzak eta ekaitz gogorrak
izaten dituzte sarri,
gaur lasai xamar ibilliarren
biar estu eta larri.
Arraiaren salketa
ordun dator nasketa
t'gaizki esanak elkarri,
erdi debalde ematekotan
zer arraiotan ekarri!
-5-
Arrantza naian atera bear
itsas aundi zabalera,
zerbait arrantza egingo bada
Frantziko kosta aldera.
Arrapatzen badute
oienak egin dute
multa edo espetxera,
mariñel sendi askorentzako
ai zer nolako galera!
-6-
Itsasoakin borroka bizin
ur aundietan dabiltza,
diru piskabat irabazteko
baldin arrantzik balitza.
Aize eta itsaso
arrairik ezin jaso
beldurgarrizko ekaitza,
zakurrai ere etzaie opa
arrantzalien bizitza.
-7-
O! zein indartsu izugarriak
itsas-aserre aldiak,
ondatzen ditu beregandutzen
dituan ontzi guztiak.
Itsasoa indarrez
denak ito bearrez
atezu arrantzaliak,
beldurgarriak izan oi dira
itsasoaren kaltiak.
-8-
Makiñatxobat badira alare
eroso bizi direnak,
arrantzalian bizkarretikan
aberasturik daudenak.
Zenbat milloiren jabe
egiñak ote daude
askotxo edo geienak,
Puro erreaz, irri ta farra,
lasai asko dabiltzenak.