Boti-ri erantzuna
Murumendi
Kaixo aberkide BOTI
sozialista gorria
ederki zabaldu duk hik
liburuko orria
hamazazpi duk urtea
eta hila urria
URSSeko nazioentzat
izan duk bihurria
autodeterminazio
hitza duk teoria
«baina praktikak sortu dik
eguraldi gorria». (2)
Galde ezak nola diren,
gaurregun Ukranian
edo ta nahiago baduk
halaber Georgian
berdintsu samar zebiltzak
baita ere Tartarian
hizkuntzari, ezin eutsiz
itotzeko zorian
eta independentzia
aipatu ezinian
«Leninen lausengu haiek
non ditek azkenian?» (2)
Barnean hola badituk
kanpokoa duk ona
Txekoslobakiakoak
izana zian sona
Hungria ere hor duk ba
isil asko dagona
Polonia ere ez duk
munduko zoriona
non duk ba bakoitzak behar
duen askatasuna?
«blokea mantentzearren
denentzat itomena». (2)
URSSeko Gobernuaren
lagun txarra omen haiz
ez duk Gobernu-arazo
pentsatua diat maiz
Txinak berdin jokatu dik
honelako zenbait gaiz
Tibet, Afrika ta beste
nazio txikiei gaitz
Sistema-arazoa duk
kontura hadi garaiz
«nazio txikiak ore
eta blokeak harkaitz». (2)
Kristautasuna dotrina
ederra duk benetan
baina kapitalismoa
erne bere lurretan
Nicaragua, El Salvador
Vietnam eta bestetan
eskuintasun izenean
inperio-lanetan
bazterrak kiskali eta
herkideak zangetan
«blokearen interesak
zeudek bada denetan». (2)
Sozialismoak ere
dik dotrina ederra
ondasunak banatzeko
zuzentzeko okerra
baina ertzera joanik
bihurtzen duk ankerra
proletalgo-diktadura
mamitzean duk berra
talde batek agindua
denek bete beharra
«langileen izenean
langileei egurra». (2)
Kapitalismoa eta
Komunismoa ere
bloke bezala harturik
jarri nizkian pare
hortik ba neutraltasuna
nahi nik halafede!
hi ere talde libreaz
mintzatu haiz halere!
blokeen menpe izanik
ezin baituk ezerre
«horietatik kanpora
bizitzen baituk hobe». (2)
Edozein herritan eta
baita ere Euskadin
beti izango baitituk
ezker eta eskuin
kontua duk abertzale
jokoan dabiltzan fin
ala inperioentzat
egiten ahalegin?
gaineratikoan biak
Euskadirentzat berdin
«dirua berdindu arren
Euskara aska ezin». (2)
Hire proposamendua
ezkerra duk bakarrik
baina gizartean baduk
bestelako indarrik
hori Soziologiak
garbi agertua dik
inoiz alde batetarantz
joan arren bildurik
gero oreka sortzen duk
erdian geraturik
«zerbait lortzeko abitu
denekin kontaturik». (2)
Ezkerrarentzako hemen
etxeko eskuina
kanpoko ezkerra baino
lehenagoko muina
eta eskuinarentzako
etxeko ezker-grina
kanpoko eskuina baino
lehenago jakina
hori gertatzen ez baduk
behingoan alajaina!
«berriz arrotzek hartuko
zigutek guri gaina». (2)
Inperislistek guretzat
ezker ala eskuinak
menpe iraun erazteko
dizkitek lan berdinak
«GORRIA, HAUTSIA baino»
nahiago ditek denak
beraz horiei «gorritzen»
ez egin ahaleginak
bestela gure indarrak
bakar bezain lirainak
«irentsiko dizkiate
ezker edo eskuinak ». (2)
Akats bakarra diagu
guk Historian zehar
beti bi talde eginik
hondar, hauts eta kear
karlista eta liberal
oinaztar da ganboar
orain berriz berrikitan
eskuin eta ezkertar
eta laguntzaren bila
kanpora su eta gar
«kanpoak emana bati
kanpoak jon behar». (2)
|