Bertsoak eta irratiak
Murumendi
1
Mila bederatziehun
laurogeitabia
badoala ia
abenduko hilean
zen hemeretzia
Euskal Herri mailako
txapelketa handia
goiz eta arratsalde
bertso jaialdia
hiru urtean behingo
atseginaldia
2
Zortzi bertsolari han
denetan onenak
bilduak zirenak
bikain asko ihardun
zutenak den-denak
batzuk behar ordea
izan hoberenak
gai, doinu, puntu, neurri
hala zituztenak
hantxe eman zituzten
bai zitzaketenak
3
Amuritza txapeldun
Lopategi hurren
ez harritu arren
beste seiak ere ez
zebiltzan hain erren
Zorionak guztioi
emanik pozarren
nola entzun nituen
esan nahi dut hemen
Loiola irratiak
emanak bederen
4
Karmelo Balda omen
zegoen betea
hau zen suertea
oso zaila sarrera
bat eskuratzea
etxeetan milaka
entzule-jendea
epelean han geunden
hertsirik atea
Donostian geneukan
guk borondatea
5
Goizean hain ederki
arratsaldean ez
hots arraioz betez
Donostiak futbola (1)
ematen zuenez
tartetan konexio
txar batzu eginez
Loiola entzutean
burrunba izanez
belarriek doi-doia
bertsoak entzunez
6
Futbola amaitzean
ederki berriro
eta garbikiro
orduak aurrera ta
ez zegoen giro
bi aurrera pasarik
kantatzen biziro
Loiolak orduantxe
joa zigun tiro
errosarioa han
hasi zen eztiro
7
Zortzien aurretik han
errosarioa
zer hitz jarioa!
barnera sartu zigun
amorrazioa
minutu batzugatik
egin azioa
Telebistatik hartu
ote lezioa?
nondik sartu zaizue
zuei bizioa?
8
Ez dut ezertxo ere
errezoen aurka
baina hortxe talka
ospakizun bikain bat
erdiz-erdi kraska
induljentziak galtzen
ote ba milaka,
ordulaurden bat hura
atzeratu eta?
ala euskaldun-sena
ote zaigu falta?
9
Beasainen besterik
ezin entzunean
geunden egonean
Euskadi irratia
jarri genunean
indar gutxi ordea
bere barrenean
bertsorik ezin uler
bere jardunean
izenak ozta-ozta
azken-azkenean
10
Gure nazio-mailan
gauzatxo bakarra
ez ba jo adarra
Komunikabideek
portaera txarra
batzuri falta zaie
behar den indarra
besteei alderantziz
behar hainbat garra
Euskaditik kanpora
baitute zuztarra
|