Astoa eta igelak
Samaniego
Asto bat zijoan bein
Egur zamarekin,
Pensamentu illunak
Egiñaz berekin.
Bide luzea zeukan,
Pisua zan zama,
Ogei urte baziran
Il zala aren ama.
Gañera zeukan guztiz
Andia gosea,
Ez zan milagro triste
Gaisoa joatea.
Zingiradi batean
Orra non dan sartzen,
Eta, arrantz egiñaz,
Asten dan esaten:
Madarikatua, bai,
Madarikatua,
Jainkoak neri eman
Diraden patua.
Au enzutean ango
Igel kantariak,
Ichi omen zituzten
Beren belarriak,
Ez aditzeagatik
Aren deadarrak,
Zeren bestela lertu
Nai zituen farrak:
Batek esaten dio
Saietsera joanik:
Ez dago emen jauna,
Erremediorik:
Ona gu ere nola
Geran emen bizi:
Jaio giñan ezkeroz
Ez degu ikusi
Beste gauzarik, baizik
Loya eta ura,
Ez izanagatika
Guztiz oien gura;
Onelase Jainkoak
Dauka egindua,
Ez balitz bezela da
Guretzat mundua;
Eta jakin bear du
Bere mesedeak,
Millaka, diotenez,
Dira abereak,
Bizitzen diradenak
Lurpean sarturik,
Ikusten ez dutela
Sekulan argirik.
Aiek beti kontentu
Omen dira ala,
¿Ez degu izan bear
Guk ere onela?
Bai, guk beti daukagu
Umore alaya,
Ezin egingo degu
Berdin gure naya:
Konparatuaz aien
Suertearekin,
Kontentu izango da
Nor berearekin.
Au da gertatzen dana
Munduko gaitzakin,
Baldin neurtzen badira
Andiagoakin.
Zu emen zaude orain
Zingiran sarturik,
Eta ateratzeko
Ez dezu kemenik:
Birauka asitzen da,
Baña, chito, chito,
Igelak deitzen dio,
Begirozu ito.
Gaur zure ezbearra
Guztiz da andia,
Baña ez da oraindik
Galdua guztia.
On da jakin dezazun;
Da pazienzia
Gaitz andia egiten
Duena chikia:
Norbait etorriko da
Ortik, edo andik,
Lagunduko dizuna
Irteten emendik.
Au aditu ondoren,
Aren mesedea,
Asi zan piskabana
Artzen asnasea.
Egon zan geldi-geldi
Denbora luzean,
Gañeko zamak zeukan
Uraren gañean.
Indarrak zitzaizkion
Piskaka etorri,
Eta irteteko gai
Orra non zan jarri.
Zingiratik kanpora
Atera zanean,
Astoak esan zuen
Bere barrenean;
Nik emen ikusten det
Gaur nere burua,
Aditu deralako
Igel-konsejua;
Bestela jira-bira
Arras nekaturik,
Zingiran geldituko
Nintzan ni itorik.
Ez det nik, ez, aztuko;
Da pazienzia
Gaitz andia egiten
Duena chikia;
Eta mundu onetan
Nai duenak bizi,
Zernai gerta dakion
Ez du bear etsi.
|