inprimatu
Irailean
Izenburua:
Irailean
Sinadura:
Anatsan
Urkizaren iruzkina:
(P.Neruda-rena?)
Egilea(k):
Anatsan

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1973
Argitalpenaren urtea:
Alea:
553.zk.
Orrialdea:
6

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Irailean

 

Anatsan

 

 Uda, inoiz baino indartsuago, mugak hautsirik

 bizia luza nahirik, gaztaroko hezkoak utzirik,

 zahartzaroa eder eginik, hiltamuko hatsak eman nahi

 ezik, urteari egunak lapurturik. Bainan alferrik dabila.

 Urtekariak ez dio barkatu, kukua mutu da, eta neronek

 ikusia: intxaur ale bakanak moskol presondegia mokozabalduaz,

 zokolin hezeaz ondora jausten. Panpano orbel zimelak haizetan

 beheraka. non babestu ezinik. Zelai pendizak neketan, oriz orbaindurik.

 Aurki, laister, berehala usopasea hasiko da, pauso hegalariak

 mutur batetatik bestera iparretik hegoalderuntz. Aurtengoan

 ordea, ehiztariek garaiari aintzin egin diote. Venecia zahar

 erromantikoan lehenik, uso apal txairoak libertatea galdu zuten.

 Ondotik, Hego Ameriketan, anitz euskaldunen babesleku arrotzean,

 Imperialismoaren xurgatoki mamitsuan, iraultzaileen esperantza

 islatuan, hantzen bertan, Irailaren Arratsalde eguzkitsuan

 eratsi dute azken uso hegalaria. Hantxe bertan, kale gorrian,

 makakorruzko su negartiaz errerik gelditu zen, Hegoaldeko herri

 menperatuek, itxaropen desesperatuaz SO zegioten ikurrina.

 Itzali da Europako anitz ezkertiarren argi-irudia, ilunabarreko

 izar iheskorra bailitzan. Une batez mota guztietako erlanagien

 murmur kosmopolita ozenki entzun zen eta beren mizto zorrotz

 pozointsuak kanpora atera, eta heriosugarrez Herensuge

 beldurgarriaren aitzinean zikiro-dantza erotikoan ari eta ari.

 Janzakur asekaitzak, odol berogorritan bazkatu dira. Beren errai-idorrak

 behingoz bederen aserik dituzte. Mihiz zurrupatu azken tantanak

 baita hanka jaso eta pix ere. Eta azken azkenean karrika Nagusian

 lau zapelatz itsusiren kroakada ikeratia nagusitu. Honelaxe, Irailaren

 egun eguzkitsuan, aizkoraren aho zorrotza sartuaz orpotik ebaki dute

 sobera garaia zen zuhaitza. Erroak, zainak eta zuztarrak lurpean

 asfaltoz estalirik gelditu dira. Guztia Irailean, udazkenaren atarian,

 Hegoaldeko lur emankorraren gainean, Irailaren egun eguzkitsu batetan.

 Usoak izkutatu dituzte, arrano haragikoiak nagusi, arranoen

 garaiak izaki. Venezi olerkitasuan aurrenik, gero Euskal Herrian,

 gero Hego Ameriketan, gero...

 


inprimatu