Udaberri'ko abestia
Satarka
Ortze ederra urdin
Arkitzen da-ta, iñon ageri
Ez da odei illunik...
Ta bat-batean,
Euzkigorria, ateratzen da
Mendien atzetik...
Udastea da... Zarrak, gazteak,
Gaur ez gelditu beko errian...
Alai ta pozez igaro bear
Degu eguna, goiko mendian...
Urretxindorrak,
Or, basoetan, abesten dabiltz
Abesti legunak...
Gaur, ikusirik
Edertasun au, ezin ixildu,
Txoriño kutunak...
Udastea da... Zarrak, gazteak,
Azkar etorri mendi-mendira...
Arin dantzatu bear degu gaur
Laixter joanik zelai erdira.
Ainara beltxak
Gela zarretan, egin dituzte
Kabi txit garbiak.
Ikustekoak
Dira, kabitxo oetan jaio
Ta dauden umiak...
Udastea da... Zarak, gazteak,
Danak batean eldu mendira...
Txistularia gure zai dago...
Joan gaitezen zelai erdira...
Zuaitzak nun nai
Arkitzen dira osto ederrez
Txit apain jantziak...
Orra or urrin
Ona eskeintzen lili politak,
Gaur jaio berriak...
Udastea da... Zarrak, gazteak,
Pozaren pozez igo mendira.
Jotzen ari da txistularia...
Azkar guazen zelai erdira...
Elurra lez txit
Zuriak daude, landa zabalak
Eta sagardiak...
Orain, mendiko
Leku guziak benetan dira
Atsegingarriak...
Udastea da... Zuek, neskatxak,
Ez gelditu igo gabe mendira...
Ospatu bear degu Udastea...
¡Bizkor, dantzara, zelai erdira!
Naiz eguzkiak
Anitz berotu, emen badago
Gaur gozatzallea...
Itsas-aldetik
Ederki dator bigun-biguna
Dan ipar-aizea...
Udastea da... Zarrak, gazteak,
Ongi etorri mendi-mendira...
¡Gora ta gora, Udaberria!
¡Aupa, dantzara, zelai erdira!