Itsutasunaren argia
Sastraka
Irlandako kartzeletan
preso asko ba dira
kaleratu egin baita
pobre guztien i.r.a.
hitz egoki ta ederrez
inor ere ez da fida
hola heltzen dira aurten
gabonak hango herrira
segi burrukan bakoitzak
berak daukan neurrira
hobe biziko ginake
besteak ez balira!
Justiziarik ez dago
baldin ez banago oker
adar okerrekin dabil
edonon zenbait aker
libertatea erosteko
zenbat dilista-plater?
baina ezetz dinogu ta
nahiago dugu leher
ez lider ez luzifer ta
ez ere paternoster
honetaz oroitu bedi
Londresko Mistress Thatcher!
Herrera, Soria, Fresnes,
Sttugart eta Maze
gizarte hontan kartzela
ez al daukagu base?
herriak utzia dauka
hor barruan oinaze
presoen minez besteak
ederto dira ase
hauentzat kartzelak dira
eztiaren orraze
baten bat alde balego
sar dadila huraxe!
Preso han ta preso hemen
preso bazterrik bazter
kalean eskuin libre ta
barruan preso ezker
eta hori gertatzen da
ganster gutxiri esker
nagusi daukagu orain
hainbat Don eta Mister
kartzeletako atea
zabalduko atea
ta bizi egingo gara
Euskal Herri ta Ulster!
Batzuk ez dute ikusten
aurrean daukatena
pozik abiatzen dira
gizartean barrena
oso pobre dute hoiek
barruko ikusmena
baina zuk begian erne
daduzkazu Mckenna
eta itsu nahi zaituzte
ez ikusteko dena
Irlandak ba du zurengan
argirik argiena
Ulsterrek ez du nahi izan
Inglaterraren otsein
beronek hango kaleetan
gorrotoa baitu erein
askatasun ametsekin
da pobre den edozein
gizon andre neska mutil
atso agure ta sein
hurrengo urtean ere
gogorki burruka ein
eta opa nahi dizuet
kanpaina ona Sinn Fein!
|