inprimatu
Ai! Nire oporrak...
Izenburua:
Ai! Nire oporrak...
Sinadura:
Rodrigeztar bat
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Rodrigeztar bat

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1056.zk.
Orrialdea:
41

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Ai! Nire oporrak...

 

Rodrigeztar bat

 

 Rodrigueztarren kondaira,

 ederki datorkit gaira,

 hau esatekoa bai da.

 Tratua pozik egin genuen,

 sortu gabe eztabaida.

 Senar-Emaztean nahira,

 hura Malagako plaira,

 ni berriz ametsen kaira...

 

 Eguna heltzean trenez,

 irtera zuen lehenez,

 musutxo bana emanez.

 Abiatu zen elkar agurtuz,

 ongi konpondu esanez.

 Sarritan gertatzen denez,

 usteak ustel direnez,

 ametsak egi izan ez.

 

 Hamabost urte elkarren,

 ondoan pasatu arren,

 gaur maingu ta bihar erren.

 Inoiz ez ginen hola banatu,

 eta ni nengon pozarren.

 Ez nekien zer zetorren,

 Rodrigez nahiean hurren,

 ez naiz ni hasiko aurren.

 

 Abenturaren zalantza,

 probatuz gero balantza,

 musika gabeko dantza.

 Ongi igaro behar nuela,

 nik banuen esperantza,

 bizi moduko mudantza,

 ez zait gailenduko gantza,

 lorarik ez bai arantza.

 

 Bakarrik!! aupa nion nik,

 ez duk izango gizonik,

 nik bezainbat zorionik,

 duen beste bat une honetan,

 eta hain alai dagonik.

 Besteren mende egonik,

 gizakiak ez dik onik,

 neska atera GIN-TONIK.

 

 Jan exkax, edan ugari,

 amorru hartu urari,

 Zerga ordainduz udari.

 Goizean ia hilik lanera,

 gauez erabat gudari.

 Txori burua gidari,

 soin barruan ezin kabi,

 hutsari besarkada bi.

 

 Gaueko zeru urdinak,

 egun sentian haur minak,

 eguardirako ezinak.

 On haundirikan ez dit egiten,

 etxeko bazkari finak.

 Latako atun-xardinak,

 ditu bere eraginak,

 esteak dauzkat gordinak...

 

 Prakak nahikoa kizkurrak,

 ta alkandora ximurrak,

 hauetxek une makurrak.

 Kaltzontziloen margo txuriak,

 eraman dizkit lapurrak,

 Kaltzetinetan sudurrak,

 sar nahi dituen muturrak,

 elikadura ziurrak.

 

 Dirua bai serbitzala,

 duen artean itzala,

 horrelakoa hintzala?.

 Oraintxe nago trenean galtzen

 den guardasola bezala.

 Ez garo ta ez kresala,

 nahi dunak jakin dezala,

 bizitza aldrebesa da.

 

 Sosak nituen artean,

 ala moduko artean,

 itxuraz lagun artean.

 «Adixkideak» zeuden lekuan

 goxo berandu arte han.

 Guztizko bakardadean,

 orain herriko parkean,

 zeru zapai izarpean.

 

 Nire bizitza guziko,

 Rodrigeztza dut utziko,

 promesa ez dut hautsiko.

 Aurrerakoia nintzela uste,

 eta erabat klasiko.

 Neure burua kasik jo,

 ez dut inoiz ikasiko,

 juxtu ez nago tisiko.....

 

 Bakarrik bizitzeko gai,

 nintzela ta probatu nahi,

 emazteari eman jai.

 Deskuidatu naiz goitik beheraino,

 hori aitortutzen dut bai.

 Urduri nago ez lasai,

 hark hartuko didan usai,

 laister dator ta bere zai.


inprimatu