(Gerrateko bigarren urte gosetsua)
Rezola, Luis
1
Ipintzera nijua
gosean negarrak,
juan baño lenago
dauzkaten indarrak.
Alimentuak dabiltz
gutxi eta txarrak,
egun gorriak dauzka
nere tripa zarrak.
2
Gosea zer dan ondo
egin det ikusi,
aspaldi ontan eztet
okelik ikusi.
Patata ta babarrun
nigandik igesi,
idia jango nuke
adar eta guzi.
3
Kafesnea gosaltzen
eskasik kazua,
eguardian gogorra
beti garbantzua.
Apaltzeko tilixta
platera gozua...
pozikan jango nuke
zakur sarnosua.
4
Zakurra aitatuta
ez ba egin parrik,
geiok jango luteke,
ez naiz ni bakarrik.
Netzat ez luke utziko
jaki au «Matxari'k»,
goseak dagonantzat
ezta gauza txarrik.
5
Burruntzalikatxo bat
det erraziua,
esate utsarekin
amorraziua.
Jan orduko egiten du
tripan aziua,
alaz da guztiz ba-du
ixtimaziua.
6
Emengo janariak
indarra pixka du,
batzutan gordiña ta
bestetan kixkaldu.
Txutik jarri orduko
ankak txirrixtatu.
gauz au ikusi gabe
zeñek sinistatu?
7
Amabi ta erditan
nere otordua,
goseak dagonantzat
naiko berandua.
Ni bezela dagonak
ez aztu gerua,
orregatik etzagun
il geure burua.
8
Emen ezta botatzen
ontan oitu gera,
sobratzen dan janikan
kumunetik bera.
Mingañarekin degu
garbitzen platera,
nai gabe artu degu
eruan tankera.
9
Lenago bizi nintzan
geza ta goxogo,
orain bitza miña
ta gazia dago.
Elurtean txoria
bezelaxe nago,
len tximela banintzan
orain tximelago.
10
Bart arratseko nere
loaren graziak,
pasteleri batean
lau ordu pasiak.
Osorik sartzen nitun
zetozen guziak,
amets gozoak baña
ni beti gosiak!
11
Ametsetan dijoaz
une ederrenak,
ala dio emengo
gizon azkarrenak.
Batuko ditut itzak
nere ta arenak,
ikusteko gaudela
emen Senperrenak!
12
Soñeko alkandorak
amar arabaki,
oiek nola konpondu
ezin erabaki.
Jostorratza artzeko
gauza ez naiz aurki,
ezurrak indartzeko
bada leka jaki.
13
Bukaeran joan zaizkit
buruko zentzuak,
ez indarra izan balu
emengo pentsuak.
Gerrateko bigarren
urte gosetsuak,
jarri-erazi dizkit
olako bertsuak.
|