Santa Barbara'ren martiriyua
Xenpelar
1
Santa Barbara zure bizitza
kantuz biardet zabaldu,
argitasun bat memoriyara
nai badirazu bialdu,
biyotza pozaz, mingañak ere
zerbait itz egingo, aldu
ejenplu ori aditu faltan
iñor ez dediyen galdu.
2
Atentziyorik iñork badauka
desiuarekiñ para
arren bizitza kantatuko det
munduan legerik bada;
milla ta seireun urte pasian
jayo zan Santa Barbara
aitak leyua mostu ziyona
Bitiniyako alaba.
3
Barbarak zuan aita, pagano,
Jaunaren beldur gabia,
alabak berriz nayago zuan
kristandadeko legia;
Orientalen batayatu zan,
izanik umildadia,
oraiñ zeruan gozatzen dago
bere eternidadia.
4
Barbara zuan aitak lenago
istimatua izana,
kolejiyo bat berak egiñik
estudiatzen zeukana,
argitasun bat ango maisubak
memoriyara emana,
Orientalen kristau egintzan
Bitiniyatik juana.
5
Kolejiyotik etorri eta
aitari ziyon eskatu
iru leyoko obra txiki bat,
nola egin berak juzgatu;
alabak esan ziyon moduan
aguro ziyon prestatu,
bañan artian zertarako zan
etziyon manifestatu.
6
Ire leyua, Trinidadia,
orra siñale klarua,
personak dira diferentiak,
Jainko bat egiyazkua;
Barbarak ayek adoratzeko
beregan zeukan gogoa,
munduan obra onak eginda,
gero betiko zerua.
7
Orra Barbarak agindutako
Ermita txiki ura egiñ
uztez etzuan alabarentzat
orretarako eragin;
esaten ziyon ezkonzedilla
aitak naizuen batekin
erreinu artan jarriko zala
guziyen buru erregiñ.
8
Barbarak eztu gogorik izan
arren itzak aditzeko,
esaten ziyon zartu zala ta
umillago ibiltzeko,
Jesus zeukala bere maisua
nola bizi agintzeko,
orduan aita asi zitzayon
desafiyoka iltzeko.
9
Alaba iges aita ondotik
obeditzeko argana,
mendiyak lertu milagros eta
ezkutatu zan barrena,
arrapatuta joka errira
gobernadore batena,
arren legera muda dedilla
bestela biziya pena.
10
Joka kolpatu, gañera preso
idolo oyen mendian
Barbara beti Jaunarengana
zeguan fede onian,
Jesus zerutik bisitatzera
etorri zitzayonian,
kartzelan kura egin ziyon da
sano biyaramunian.
11
Birtutiaren indarra zeukan
enemiguak aurleko
kriatura bat mundura jayo
orrenbeste ikusteko
milagru ori eginda ere
etzeuden libre uzteko
aren legera muda dedilla
edo bularrak mozteko.
12
Barbara beti bere itzian
firme zeguen jarriya
Jesusengana entregatu ta
izanik fede garbiya,
gero bularrak moztu zizkaten
¡au zan lastimagarriya!
kulparik gabe ikusi zuen
tormentu oyen berriya.
13
Bularrak moztu eta eraman
kalabozuan barrena,
Barbara bere itzian firme,
aitak ori zuan pena,
gobernadore batek emandu
erremateko ordena
ezpatarekin bertan lepua
kentzia dala onena.
14
Guraso batek umiarentzat
izan alako biyotza,
aitak esandu nik egingo det
alabaren borrerotza;
desiu ori logratu eta
artu ezpata zorrotza
bertan lepua moztu ziyon da
an utzi zuben ill otza.
16
Esan biardet nola izan tzan
gizon oyen ondoria,
biyak tximistak erre zituen,
au da milagro obia;
lendabiziko aita kiskali
gero gobernadoria,
oraengatik da Santa Barbara
suaren defensoria
16
Bertso berrien errematian
eskatzen dizut zeorri,
iltzian zure konpañiyara
albaniteke etorri;
martiriyuen penak zer diran
orra atenziyoz jarri,
ejenplu ori izan dediyen
mundean oroipenagarri.