inprimatu
Esperantza apur baten bila
Izenburua:
Esperantza apur baten bila
Sinadura:
Pagoa
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Pagoa

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1243.zk.
Orrialdea:
56

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Esperantza apur baten bila

 

Pagoa

 

 1

 

 Zinez maite dut jaioterria,

 kondairaz zahar, arimaz berria,

 mendi, hiri, itxaso, ibaiak,

 aiton-amon, guraso, anaiak.

 Andaluzia,

 lur hark eskaini zidan bizia,

 gero bortizki galerazia

 

 2

 

 Baina bizitza etzen erreza,

 mixeriz hornitutako pobreza.

 Izate duin bat lortu ezinez,

 izpiritu naiz gorputz saminez,

 lur jo genduan,

 franquismo latzaren gatibuan,

 etengabeko sufrimenduan.

 

 3

 

 Andaluz jende maitagarriak,

 gerra ezkero zein une larriak.

 Heriotza eta mezprezua,

 luze jo duen pasadizua,

 ta ondorenak,

 sakon eta tristeak gehienak,

 ia gaurdaino heldu direnak.

 

 4

 

 Ordaindu dugun ondorioa,

 izerdi eta odol jarioa.

 Ez ohore, ez lanik, ez janik,

 beraz erabaki dut iadanik:

 lurra uztea,

 non-nahi berriz hutsetik hastea

 ilusioa irabaztea.

 

 5

 

 Beraz banoa, dena utzirik,

 sendi guztien bihotzak hautsirik,

 aiton-amon, ama eta aita,

 gazte hau gogora eta maita,

 agur guztiak,

 begi ondoak dauzkat bustiak,

 malko tristeak ta garestiak.

 

 6

 

 Adio honek hunkitu gaitu,

 ekaitz latza baten eragina baitu,

 ta ezintasunaren negarrez

 egoeraren halabeharrez,

 ausartu gera,

 beste lagun askoren antzera,

 herri berri bat ezagutzera.

 

 7

 

 Maletan sartu ditut lau xarpa,

 eta jarri naiz Espaņan zeharka,

 tren zar batetan hainbeste ordu,

 ez atseden eta ez otordu,

 Euskal Herrira,

 pentsamenduak jarriak dira,

 etorkizun on bati begira

 

 8

 

 Lehen denborak zail eta latzak,

 gainbera datoz nere esperantzak,

 giro ez-ezagun eta hotza

 jendea ia ia arrotza.

 Hau etsipena:

 nere iraganaren etena,

 ia damutan jarri nauena.

 

 9

 

 Baina egunak pasa heinean,

 atsekabe haundiz nengoenean,

 tximista sarkor baten modura,

 itxaropen argia piztu da,

 euskaldunekin,

 bat egitera lortzearekin,

 itsatsi bait naiz herriarekin.

 

 10

 

 Oso luzea zen behar bada,

 txori honek eman duen hegada,

 baina pausatutako kabian,

 hain oparo eta ugarian,

 noizbaite behar,

 eta gaur sentitu dut heltzear,

 alaitasuna, zainetan zehar.

 

 11

 

 Aldatuz doa nere izana,

 zirrara bat sartu da neregana,

 sentimentu sakon eta alaiz,

 bihotz zabalez bilakatu naiz

 euskara zale,

 eta Euskal Herri honen alde,

 jaioterria ukatu gabe.

 

 12

 

 Euskal Herria, Andaluzia,

 ta zergatik ez gizadi guzia,

 aintzinan izan ziren jarriak

 herri guztien ezaugarriak

 ta nortasuna,

 izan zezaten askatasuna,

 errespetatuz bizi-laguna.

 


inprimatu