Inozentzia
Otaegi, Klaudio
¡Zeñen gauza ederra dan inozenzia!
Billatu naian leku chukiñ ta garbia,
Kerubien egotan zerutik jechia,
Egin zuen aurraren kolkoan kabia.
¿Non arki zezakean toki oberikan,
Ezagutzen ezpada, asi Egotikan
Eta Iparreraño, mundo naasi ontan,
Sarjiñ loratsu bat aiñ usai on dunikan?
Birtute au duenik ez du jaierarik
Bere barren churia loituko duenik:
Ez da ore ekaitz dunik, ez da sartaizerik,
Lore arrigarri au zimur dezakenik.
¡Zorioneko aurra! gorde ezazu ongi;
Zure biotz chokoan kontuz gorde beti:
Etzazula sekula zugandikan utzi,
Zeruetako doai apaingarri ori.
Izarrantz baten gisa iduki ezazu,
Milla zelatatikan libra nai badezu:
On asko mundu ontan izango dituzu,
Eta zerua gero irichiko dezu.
Zeren, Jaungoikoaren begien aurrean,
Ezagututzen diran onkaien-tartean,
Ez da obeagorik gizatasunean,
Gaitzikeza ezpada, biotz on batean.