inprimatu
Pakea... pakea!
Izenburua:
Pakea... pakea!
Sinadura:
Mujika Laskibar, Emiliano
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mujika, Emiliano

Argitalpena:
Argia.
Urtea:
1926
Argitalpenaren urtea:
6
Alea:
249.zk.
Orrialdea:
1

¡Pakea... pakea!

 

Emiliano Mujika

 

 Ekaitz lañoak ortze urdiña

 goibeltzen duten antzera

 ¿oroimen gaitzak zertan zatozte

 nere burua lotzera?...

 ¡Pakea betor!... ¿baña zer diot?

 ¿pake zaleak al gera?

 pakea nai ta nola liteke

 gezurra egiz gañera?...

 

 Aukeran gabiltz artu ta utzi

 geok nai degun legea

 elkarkeriaz opa nai ezik

 zor zayonari berea.

 Eman-neurria ixuri bildur,

 artzeko gañez betea,

 on ezin izan besteren kaltez

 lapurtutako pakea.

 

 Asma zuzen bat ere ez eta

 ondamukiak saillean

 erruki ditut bear dutenak

 orrelakoren menpean.

 Besteren ona ezin eraman

 eta poz artu miñean

 oso ta bizi oker bidea

 bizi izateko pakean.

 

 Batzuek maltzur izan nai dute

 jauntxokerian nagusi

 naiz lotsik gabe anabasetan

 beren buruak ikusi.

 Besteak dira mingain zuriak

 eder geyegiz itxusi

 ¿oyek guziak ez al dijoaz

 pake bidetik igesi?

 

 ¿Edo ta gaizki sinismenduak

 usteko dute bestela,

 bakoitzarentzat naiko pakea

 noiz nai ta nun nai badala?

 Pake bidea bat bakarra da

 t'ez uste bezin zabala,

 eta pakea ez dago baizik

 aldapa gora joan ala.

 

 Zalantzakorrai naiz oar egin

 bildu ditezen egira

 setaz makurtu nai ez dutenak

 alaz guziaz badira;

 ezer egin ez eta igo nai

 zerbait egiñen tokira,

 baña pakea bertan dalako

 ez jarri ortik begira.

 

 Buru belarri zertzaz billatu

 alperrikako almenak?

 zallak ai dira menderatzeko

 arrokerien kemenak?

 Erori bear eta lenago

 makurtu nai ez dutenak

 pake bideko aldapa gorak

 zapaltzen ditu geienak.

 

 Berekoi danak aldiko badu

 maltzurrez lagun bakoitza,

 alaz ere da beti beartsu

 asetzen ez dan zikoitza.

 Talde ortako dollorrak ere

 naiko du pake jabetza,

 bañan alperrik erantzi gabe

 biotzak daukan soiñ beltza.

 

 Erantziz bada jantzi beltz ori

 zuzen bidera igaro

 griña makurren joera txarrak

 berritu gabe geiago

 biotz onaren dei aldiak

 eskeñi beti oparo

 t'egin bearrak ondo beteaz

 pake guzia or dago.

 


inprimatu