inprimatu
Gurutze aurrean
Izenburua:
Gurutze aurrean
Sinadura:
Mujika Laskibar, Emiliano
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mujika, Emiliano

Argitalpena:
Argia.
Urtea:
1925
Argitalpenaren urtea:
5
Alea:
207.zk.
Orrialdea:
1

Gurutze aurrean

 

Emiliano Mujika

 

 Iriki bitez nere begiak,

 zabaldu bedi biotza,

 bere barruan oraindik bada

 urtu gabeko izotza.

 ¿Maitasun garrez irakin gabe

 doakit malko bakoitza?...

 Barren barrendik datorkidana

 da gaurko nere oroitza.

 

 Gurutzearen oñean beza

 nere itxumenak azkena,

 eta bertatik itsatsi bezait

 Jesukristoren izena;

 bere Gurutzez iriki zigun

 bide garbi ta zuzena;

 baña... ¡ni, esker gaiztokoa naiz

 okerrera joan naizena!

 

 Nigatik, Jesus, daramazkitzu

 ordu larri ta samiñak,

 nigatik dira zure Amaren

 negar malko ta zotiñak.

 Oker aundiak izan bear dute

 nik asko t'errez egiñak;

 baña, damu naiz, eta barkatu

 nere zuzendu eziñak.

 

 Jaun eta Jabe zerana, zaude

 iltze gogorrez josia,

 seme galdu au, izan ez nadin

 deabruentzat azia.

 Zerbait ordaindu al banezake

 eskeintzen dizut guzia...

 ¡t'okerrik berriz egin baño len

 kendu, bai, neri bizia!

 


inprimatu