Euskera
Mugartegi, Juan
Bertso batzuek jarri nai ditut
euskera gaia arturik,
ikusirikan triste dagola
aurkitzen naiz bearturik,
aspaldi ontan naigabe ori
daukat buruan sarturik
zer ikusiko dogun ondoren
nago oso bildurturik.
Atseden-aldi labur batean
jarri nintzan gogoratzen
luzaro geldi egonarekin
ez gerala mejoratzen;
guraso zarren oiñarri ori
geuk ez ba'dogu berotzen,
ez da erreza izango beti
gure izkuntza goratzen.
Biotz-barruko lorea zaitut
izkuntza maitagarria
guraso onen bidez artua
daukat zure oiñarria;
izkuntza danen artean au da
neretzat goragarria,
zure bitartez atsegintzen det
sarritan euskalerria.
Euskalerriko oitura onak
nai ba ditugu indartu,
komeni diran asmo batzuek
bearko ditugu artu;
etsaiak nun-nai sortuko dira
nai digutenak baztertu,
baiña gu geure izateakin
ezingo gera aspertu.
Sarri entzun det geurea dala
izkuntzarikan zarrena,
au entzuteak atsegintzen du
euskaldun baten barrena;
izan daiteke misterio bat
Jaungoikoak dakarrena,
euskaldun danok batu gaitezan
ao batez alkarrena.
Nere jarduna ez da izango
askoren mesedegarri,
baiña dakidan guztia nai det
bertsoetan iragarri;
maitasunezko errespetua
gorde daiogun alkarri,
orain ta beti izan gaitezan
Jaunaren atsegingarri.