inprimatu
Gure alaba
Izenburua:
Gure alaba
Sinadura:
Mendiburu, Jean Pierre
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mendiburu, Jean Pierre

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1974
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1257.zk.
Orrialdea:
5

Gure alaba

 

Mendiburu, Jean Pierre

 

 1

 

 Nahi gabeak izaiten ditu noizbeit gutarik bakoitzak

 Eztiarazten ditu jendeak, urgulusu ta zikoitzak

 Bainan auzoan gertatu gauzak ez dira hanbat bortizak

 Diogularik pausatua da han ditu azken egoitzak

 Ederragoak dira nork berak beretzat egin otoitzak.

 

 2

 

 Nunbeit gertatuz holako zerbeit guretako ez da bali

 Gure baitarik ez dugu nahi bertze batendako jali

 Bainan etxean delarik zauku bihotz barnea uzkali

 Aingeruņoak zuen argia zaukulakoan itzali

 Gure gogoa gau ilunaren ilunenaz da estali.

 

 3

 

 Holakoetan, fedea lagun, behar dugu ihardoki

 Eta gutarik bakotxak baitu niger egiten goxoki

 Ordu berean badakikegu otoitz egiten sanoki

 Gogo bihotzak biak emanik kartsuki eta osoki

 Zeruko Jaunak gure hileri dezan atea ideki.

 

 4

 

 Kasu horretan girelakoan gira orai samurrean

 Hotz ikara bat sartua zauku gure bizkar hezurrean

 Bizitzearen uzteak hola bere haurraren haurrean

 Lazdura tzar bat eman derauku ta ezarri beldurrean

 Atsegingarri guretzat deusik ez da geroztik lurrean.

 

 5

 

 Mundu huntarat etorri ordu ama baten sabeletik

 Osaegilek ez dute ahal salbatu izan gaitzetik

 Agertu ordu iguzkia da itzali zeru aldetik

 Dolu minaren ilundura bat daukagula bihotzetik

 Haurra eskaintzen dugu Jaunari orail ororen gainetik.

 

 6

 

 Batzuek haurrik ez nahi eta bertzek aldiz ezin ukan

 Nahi ditugun bezala gauzak direlakotz arras bekan

 Jainko Jaunaren nahier gaude nahi ala ez estekan

 Bihotza beti daukagularik aingeruari perekan

 Gure aldia da egoitea doluminaren errekan.

 

 7

 

 Gora ginuen burua behar, izan zerauku apaldu

 Geroztik hunat ez dugu biek ez lo egin ez bazkaldu

 Gure izana hormatua da ote ditake gesaldu

 Jainko maitea ilunpetara alaba ez dadin galdu

 Urrikal zaite ta haurtxoari parabisua zabaldu.

 

 8

 

 Iduri luke gure biziak duela gostu karatsa

 Gogoa lanbro, ilun batean, izar gabeko aratsa

 Gogotik ezin kendua dugu izar haren azken hatsa

 Gure ganberan sartzeko ere gira biak berdin lotsa

 Gure aldean dagolakoan ohakoa beti hutsa.

 

 9

 

 Solastatzeko ere ez dugu, kasik batere talendu

 Gure biziak behin betiko su mindura ukanen du

 Haurtxoa gabe ez duelakotz gehiago deus zimendu

 Oldartu gira gure alaba, Jauna, duzulakotz kendu

 Ezin bertzean hasarreturik nahi dugu barkamendu.

 

 10

 

 Haurra sortzean, bizi emaite, ginen airos eta alai

 Ta gaixoari etorri zaio zerbeit biziaren etsai

 Aita-amentzat zer oinazea, zoin den bortitz eta salbai

 Duelakoan sortuarentzat biek amodio nasai

 Etsimenduzko oren hitsetan, Jauna, emaguzu kurai.

 

 11

 

 Gure alaba, Jauna, zuk otoi ezar zeru gorenean

 Harentzat dugu amodioa haundi bihotzen barnean

 Bakotxak maite ditu bereak pare gabeko heinean

 Lehen bai lehen ager dadila, Jauna, zure aintzinean

 Gure nigarrak ezti ditzazun zeruratuko denean.


inprimatu