Gizon gaia Gipuzkoarra dut
Mendiburu, Jean Pierre
1
Gure euskaldun lur garbi huntan nagusitu da laharra
Amodioa garraitu nahiz hasia zaiku aharra
Nere begiak nigarrez busti tudana ez naiz bakarra
Jainko maitea beharrik hor da, badugu haren beharra!
2
Gizon gaia dut Gipuzkoarra, aitak ez nahi sinetsi
Mendiz bertzalde joan naizela nehola ezin onetsi.
Nere bihotza zabalik dena aitak nahi luke hetsi
Gauza mingarri izigarri heu nola behar dut iretsi?
3
Oraino ere gogoan dauzkat aitaren solas gordainak
Lehenagoko «etxeko Jaunek» badituzte gaur ordainak:
Etxeko semek ez zuzten behar andre gaitzat etxezainak
Lehenagoko akuluekin ditugu gaurko itzainak!
4
Jainko bidetik behar ote dut debrua ganat lerratu?
Amodioaz beterik dutan bihotza herraz kerratu?
Mundu hunetan badirelakotz zonbait arima herratu:
Behar ote dut gizon gaiari nere bihotza zerratu?
5
Ez ote gira bakotxa gure gorputz ta arimen jabe?
Aita, zendako ezartzen nauzu hoin trixte ta dohakabe?
Jainkoa bera ostikatzeaz ez ote zira herabe?
Zu ere lehen ezkondu zinen nere baimenarik gabe.
6
Amodioak ez du mugarik ezin da nihun baratu
Gauza bakarra hori ditake ezin dena konparatu
Maitasunaren beroak nau ni aitarekin hortaratu
Hego aldeko mutil gazte bat dutalakoan maitatu.
7
Orai artean ama bakarrik duzu nitaz urrikaldu
Amodioa SAKRATUA de burua behar apaidu.
Aita maiteak denborarekin konprenituko ahal du
Gogor hetsirik daukan bihotza behar duela zabaldu.
8
Jaunak estekan ezarria nau amodia gar umilez,
Maitasun hori kantatuko da eliza baten ezkilez.
Jo nezatela azotez edo jo nezatela makilez
Bainan nik dutan amodioa ez dute hilen ni hilez.
9
Jainkoak berak hastiro ditu maitasunaren etsaiak
Berak baitauzki amodiozko iturri zintzo nasaiak
Otoizten dut nik kanbia ditzan nere aitaren idalak
Ez ditzadatan aitarik gabe iragan nere eztaiak!
10
Ez nuen uste arnodiotan trabarik zitaken guaita
Jainkoak berak erran,baitauku «bihotzetik elgar maita!»
Anaier «ANAI» ezin erran ta Jaunari erranez «AITA»
Nere aitaren molde berean gezurrez artzea baita!
11
Nere kasuan gertatzen zaitzun semea edo alaba
Amodioan hartu bidetik ez zazula otoi traba
Orroit bakarrik gutarik zonbat mundura zitazken salba
Jainkoak berdin trabatu izan balitu ADAM ta EBA?
12
Gizonak berak bere burua hola dezake errautsi
Elizan jauna adora eta etxean debrurat jautsi.
Jainkoak berak egin duena gizonak ezin du hautsi
Ene ezkontzak asko jenderi hau behar du erakutsi.