inprimatu
Gazten oiharzunak bertsutan
Izenburua:
Gazten oiharzunak bertsutan
Sinadura:
Mendiburu, Jean Pierre
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mendiburu, Jean Pierre

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1971
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1102.zk.
Orrialdea:
5

Gazten oiharzunak bertsutan

 

Mendiburu, Jean Pierre

 

 1

 

 Bertsu-lanari lotuz geroztik dezagun ahalaz segi

 Gazten oiharzun saminak eman baiteraut gogoan argi.

 Ongi mintzatu zira, gaztea: erran tutzu zonbeit egi

 Nago Eskualdun gazten artean nor deitzen den Lakoin-begi!

 

 2

 

 Nik ere usu kurritzen ditut inguruetako pestak

 Eta ikusten nola dabiltzan oraiko mutil ta neskak

 Urrikari tut segur askotan batzuen amak ta aitak

 Bainan ez dira beharrik ere guziak berdin herrestak!

 

 3

 

 Pipan erreak eta edanak dadin egun ala atsa

 Gazte batzuek galdua ere dizute jateko funtsa.

 Hamar metretan ere bultaka dariote mozkor hatsa.

 Uste duzia manera hortan liberti ditaken untsa?

 

 4

 

 Bainan ez dira bazterretako gazte guziak bardinak:

 Hori derauku loan den asteko gure gazten oiharzunak!

 Hogoi urteko mutiko baten artikulu erreminak

 Zion garbiki trixte horiek ez direla eskualdunak.

 

 5

 

 Artikulua irakurtu-ta nihaur ere nintzan ilun!

 Nortasun gabe zonbeit presuna bizi dira beraz egun?

 Ohar balite manera hortan funditzen dela osasun!

 Ororen buru galda nezake nor diren bada hobendun.

 

 6

 

 Mozkorreria, manera hitsa, nork dezake hori uka?

 Aldi bat paso, bainan bietan zuen gazteri ez barka.

 Edanez geroz basatzen dira nola mendiko pottoka

 Berdin baitzaizte funts gabe lotzen beren laguneri joka!

 

 7

 

 Zorigaitzezko hoien gainean bertsutan hasian hasi,

 Niholaz orai ez nitake joan sail beltz hortarik ihesi.

 Beren onetan egiten deiet ene gisako erasi:

 Nork nahi luke gazte hoitarik biziko lagun ikusi?

 

 8

 

 Oiharzunetan kaseta hunek ditu garbiki buluzi,

 Nun bertsu hotan nik beztitzea baitute zinez merezi.

 Nork zakien ba zertan zitazken Azkarate ta Garazi?

 Gaztek herrian lanik ez eta bainan soinupean bizi!

 

 9

 

 Ez da horrela hobetuz joanen Eskual-herriaren fama!

 Hainbertzedino galdua zela nork bada zezaken asma?

 Gaztea plazan mozkorra eta etxean nigarrez ama...

 Planta hortarik ateratzeko gaiten otoi oro berma!

 

 10

 

 Oi ene gatik nahi bezala goberna ditaizke segur:

 Gazteen baitan ene erranek egoitza dukete labur.

 Bainan egia gordin-gordina erraiteko ez naiz beldur.

 Onhar zazue, ala ez onhar: Eskualdun gazteak, agur!


inprimatu