inprimatu
Agur Xalbador maitea
Izenburua:
Agur Xalbador maitea
Sinadura:
Mendiburu, Jean Pierre
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mendiburu, Jean Pierre

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1977
Argitalpenaren urtea:
Alea:
757.zk.
Orrialdea:
40

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Agur Xalbador maitea

 

Mendiburu

 

 Orai artean kantuz hasteko galdua nuen indarra

 Gaur iduri zaut kemena berriz jautsia dela nitara

 Ez dakit aipa zitzaiketanez hartze zinuken gisara

 Hain zintugun paregabea, neurri gabeko izarra!

 

 Neurri gabeko pentsalaria ikusi zaitut bertsutan

 Nundik zinaukan hoinbertze argi gogoan nuen batzutan

 Apostoluer izpiritua jautsi zen zerutik sutan

 Nago ez zenetz ber mixterio haundia gertatu zutan

 

 Eskaini nahi izan dautzugu omenaldi bat ederra

 "Biba Xalbador!" besterik ez zen eletik eta elera

 Egun haundia zoragarria jina zen Urepelera

 Dolamen trixte izigarria ez balauku jin gainera

 

 "Eta ez ditut eskertzen ahal!" zinion azken hitzean

 Gu gintutzula kausitzen zuhaur ez bezain molde hitsean

 Eskerrik aski bazineraukun bihurturik bizitzean

 Bizian bezain zintzoa ere agertu zira hiltzean.

 

 Hazirilaren zazpian gira sartu zinezko negura

 Zure galtzeak ereman gaitu doluminaren plegura

 Zuri sobera galdatu dugu hori da gauza segurra

 Gure besotan joan zaitugula lurretik eta zerura.

 

 Gizona nola kanbiatzen den doluminez jabetzean

 Maite dituen adixkidetaz betikotzat gabetzean

 Jainko maiteak hartu izana gatik bere babesean

 Zazpi probintzi nigarrez daude orai zure sahetsean.

 

 Zer erakaspen zuhurrak ziren zure ezpainen hegian

 Bazinakien gure moldatzen fedean eta egian

 Zu joanez geroz nork ez du izan nigar xorta bat begian

 Zure ondoan ginen sobera jar-alki ederregian.

 

 Zinen arbolak bere ondoan bazauzkan zonbait landare

 Eta geroztik umexurtx batzu bezala trixterik gare.

 Toki guziez ere gai zinen: plaza, gaztetxe, aldare...

 Zure bertsua bihurtzen zela otoitz kartsu baten pare.

 

 Edozein pesta zu han izanez nola ez zen apaindua

 Gure mintzaira maitea bera nork du hobeki zaindua

 Zuk utzi hutsa hain da haundia nehork ezin ordaindua

 Jaunak lurreko profetaz egin beza zeruko saindua.

 

 Bihotz urrezko euskaldun kartsu ta euskaltzale suharra

 Sendatu nahi zinuen gure herriak duen sukarra

 Dohain hoi hautsi zaitzuna nola apostoluer su garra.

 Ozka bat ezin berdinduzkoa bazen gutarik zutara.

 

 Euskaldun garbi kristau fermua oi zen aberastasuna

 Beti hobeki egin nahia, ez maite erreztasuna

 Fede argian xoaratzen eta arnegatzen belztasuna

 Nundik zinaukan batzuk ordenaz daukaten apeztasuna?

 

 Behin ta behin ez dut sinetsi zure mundutik joaitea

 Holakoetan hobe da bizi baino hila izaitea

 Hargatik badut esperantza bat zuri esku emaitea

 Zeruan berriz ikusi arte: agur, Xalbador, maitea!

 


inprimatu