inprimatu
Pilota
Izenburua:
Pilota
Sinadura:
Mendiburu
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mendiburu

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1975
Argitalpenaren urtea:
Alea:
648.zk.
Orrialdea:
2

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Pilota

 

Mendiburu

 

 -1-

 

 Herriak ere badu bihotza, pilota toki zabala

 jende guzien bil gune ona, eta ez leku utsala

 Zu gorestera, etorria naiz, naizena apal apala

 agertu eta goratu nahiz, oi «Plaza» zure ahala

 herritarrek zu, maite zaituzte, haurtxoak ama bezala.

 

 -2-

 

 Zuk sortzen duzu, herri batean, zinezko elgartasuna

 gure bizian, beharrezkoa, egiazko ontasuna

 bai zuri esker, gozatzen dugu, holako goxotasuna

 zu zira gure aberastasun, ta gure edertasuna

 gutarik nehork ezin du gorde, zuganako maitasuna!

 

 -3-

 

 Herri bakotxak, arrabota du josta leku haundiena

 libertitzeko, hitzargunea, eskual jende guziena

 bizian alai, eta lasai da, zure berri dakiena

 gure biltzarre, deskantsatzaile, iturri pozgarriena

 zorionaren ohantze ezti, eta xoragarriena.

 

 -4-

 

 Ongi etorri egiterako, bere gainean zonbait hitz

 nola ditazke, gure barnean sendimendu hobeak pitz

 herria hola, maitatzea gaur, diote ez dela bortitz

 etxea ere, andre ta lore gabe delarik da murritz

 herria ere, berdin litake, plaza maitea ez balitz.

 

 -5-

 

 Goizean goizik eguzkia da agertua arrabotan

 Haize hegoa ere epelik, guzien goxatzekotan

 amets ederren egin arazle, izana zira askotan

 gure haurñoak ere zugana, etortzen dira pilotan

 ta zuk emanik zoin amultsuki, pilota hartzen besotan.

 

 -6-

 

 Butzuk pilota izanki eta, ez dutela arrabotik

 bertziek berriz arrabota ba, eta berdin ez pilotik

 halere denak plaza maitera, etortzen dira gogotik

 galtza xuriak ikusi nahiz, pilota baten ondotik

 nork ez du jada senditu plazak, eman omore berotik?

 

 -7-

 

 Pilota zer den erraiteko nik, ez baitut aski ahalik

 gai eder hori utzi baharko dut bertzendako zabalik.

 Eskual jokorik ederrena da, hori ez diot apalik;

 lasterkatzaile miresgarria, ez dauka bertze itzalik,

 xoria bezain erne badoa, alta ba ez du hegalik.

 

 -8-

 

 Pilotaria galtza xuritan, plaza erdira da jali

 zer esku zartak! zer parioak! ilundara da uzkali...

 eskuin ta ezker, pilota zauku, bihotz berotzen ibili

 deskantsugarri, altxatzailea, zure egintza da bali

 «gure tristurak nahi ditugu, irripar goxoz estali».

 

 -9-

 

 Gogo bihotzen pausatzailea, akiduren eztitzaile

 lan artetako lasaigarria, buru minen goxatzaile

 irri luzeen asmatzalea, bozkarioa emaile:

 gure eskualdun nortasunaren laguntza ta hedatzaile:

 hasarrearen eztaparretik, gizonaren libratzaile.

 

 -10-

 

 Ai zu pilota, zure ondora milaka gira bildurik

 lan dorpetarik ta pentsamendu zorrotzeri urrundurik

 ez nahiz egon bakargoaren, lazdura hartan galdurik

 pilota gabe gure biziak ez du deuseren zentzurik

 nola ogiak ere ez baitu, gatzik gabe deus gusturik.

 

 -11-

 

 Eskualdun joko bereziena pilota zoin den abila

 zonbat begi ta, zonbat esku da, lasterka jain zure bila

 ohiduretan zaharrena, ta gure ohitura hurbila

 gaur zutaz arta hartzen dutenak, badira ixil ixila

 emaiten duzun atseginetaz, bihotzetik esker mila.

 

 -12-

 

 Pilota duzu gure biziko ordu hutsen tapagailu

 igande, ala aste egunez herriaren edergailu

 eskualduna zer ta ere nor den, agertzen duena zalu

 ai zu «Pilota», eskualdunari eman diozu urgulu

 Eskual Herria zer izanen zen pilota hori ez balu?

 

 -13-

 

 Nolaz egoiten ahal litake Pilota zutaz aparte?

 Zuk sortzen duzun alegrantzian denek hartzen dute parte

 pilota denek zein maite duten beti gizartez gizarte

 bai sustatzaile suharrak ere baditu ainitz elkarte

 pilota beti ikusiko da horiek badiren arte!

 


inprimatu