Eskualdun Bertsulariak.
Jose Mendiague.
1
Lehengo bertsulari zaharren izenak
Ez ditu ahantzi behar Eskualduna denak:
Heiek egin dituzte bethi obra onak.
Zerbeit ikas dezake hetarik gizonak.
Estimagarri dira halako presunak;
Ontsa mereziturik badituzte famak.
2
Bertsulari onak ziren katcho ta Etchehun:
Halakorikan orai othe dugu nehun?
Heiek egin dutena guk egin dezagun,
Debruia utzi eta Jainkoa har lagun.
Bi pelegrino ziren, ohora ditzagun:
Agian Jainko Jaunak berekin tu egun.
3
Amezket Saran eta Urrunatik Ttipi
Guzier mintzo ziren errespetuz bethi,
Ofentsarik ein gabe sekulan nehori.
Etziren fantesiaz kantu emaiten ari,
Etsenplu ona frango eman dute orori,
Ez dakigunek nahi badugu ikasi.
4
Aditu dituenak Fermin eta Mados,
Heien bertsu ederrak ikasi tu gogoz;
Ez da izan halakorik buruz eta ahoz,
Etziren aise ichiltzen behin hasiz geroz.
Guzier mintzo ziren bethi amodioz:
Hartakotz izan dira maitatuak oroz.
5
Zer gizon jakintsuna zen Iparraguirre!
Hura bezalakorik ez da izan bat ere:
Hark egin tuien obrak handiak dirade,
Denak amiratuiak heien beha gaude.
Bethi kantuz ari zen Eskualdunen alde
Kontrario beltzenen beldurrikan gabe.
6
Juan Bautista Otchalde eta Elissamburu,
Heien obrak oraino gogoan ditugu,
Erakutsi daukute nola errespetatu,
Ez gindukela behar nehor ofentsatu.
Jaun heien kontseiluak behar tugu hartu,
Ez dakienak bethi ikastia on baitu...
7
Putchuna, Bordachuri, huna bi Hazpandar;
Izturitzen karrankak eiten zuen indar.
Oi, zer bertsularia Cambon Lohiotchar!
Ezin bentzutu dute egundaino elgar!
Bat bertzia baino hobe norbeit izan behar,
Guzientzat nagusi izan da Champelar...
8
Bertze bertsulari hainitz izan da munduan,
Ontsa estimatuak gizonen artean.
Kantatu izan dutenak omore onean
Jendez inguratuak, trankil bihotzean.
Guk desira dezagun, hetaz orhoitzean.
Jainkoak atchik ditzan bere sahetsean!